Termoa eta harria

Bulegoan nago, loak akabatzen, egun lauso baten bederatzigarren orduan. Bat batean, normaltasun itogarria urratuz, zas! Argindarra joan zaigu, eta aitaren batetan gor (telefono gabe), itsu (non da Internet?) eta besomotz (autocad) geratu gara. Energiaren erabilpenak, gure gizartea definitu du azkeneko berrogei urteotan. Eraikuntzaren sektoreak, mundu guztian erabiltzen den energiaren ehuneko oso altu bat erabiltzen du. Horrenbestez, iraunkortasunaren auzian, eraikinen formek badute bere zeresana.

termo_harriaDonostiako arkitektura eskolan, irakasle batek gaur azaldu nahi dudana horrela azaltzen zigun: bi etxe mota daude. Lehen motakoak, kafea eta abarrak eramateko erabiltzen ditugun termo metaliko horiek bezalakoxeak dira. Oso azkar berotzen dira, eta ezin hobeki mantentzen dute beroa. Arazoa termoa ondo ixtea ahazten dugunean dator: barruko edukiak konturatu orduko hoztuko zaizkigu.

Bigarren mota harri bat da; harri hau tximini ondoan berotuko dugu, gutxika eta pazientziarekin. Lotara goazenean, gurekin batera sartuko dugu ohean, baserriko gau hotzen kontrako erremedio legez. Harria denbora luzez izango dugu bero, gutxika hoztuko delarik.

Bi eredu ditugu, bata bestearen aurrean. Alde batetik, eredu superteknologikoa, multigeruza, eta bestetik, eredu tradizionala, geruza bakarrekoa. Low eta high teknologiak aurrez aurre. Gaur egun eraikitzen ditugun etxeak, normalean, «termoak» dira; material arinekin isolatzen dira, eta aire galerak (eta ondorioz tenperatura galerak) modu eraginkor batetan ebazten dira. Horrela bada, etxera heldutakoan berogailua piztuz gero, belarriak gorri-gorri izan arte berotu dezakegu etxea ordu baten buruan.

Beste aldean, modu pasiboak erabiltzen dituzten etxeak daude. Masa, materia, inertzi termiko altuko eraikinak. Batzuen ustez, etxe «politak» horrelakoak izaten dira. Hori subjektiboa bada ere, biziak izan behar diren etxeak direla egiaztatzea zilegi zait. Erosotasun bat bermatzeko, etxe hauek bizilagunen behar etengabea dute.

Energia modu aktiboan lortzeko saiakerak eta teknologiak ugaritu egin zaizkigu azken urteotan. Adibiderik onena eguzki panelak dira. Beste adibide bat, gure kostako edozein herritan ikusgai ditugun beirazko begiratokiak. Negutegi efektuaren bidez, «koltxoi» termiko efektu bat sor dezakegu (Trombe horma ere deitua). Teknologia horrekin jarraituz, etxe orratzen double-façade (fatxada bikoitza) teknika genuke. Fatxada bikoitz honetan, beirazko kanpo geruza batek negutegi efektu txiki bat sortuko luke, bi efektu lortuz: neguan, isolamendua irabazi, eta udaran, aireztapen sistema bat erabiliz, bero irabaziak gutxitu. Bizimodu horiek modu zorrotzean ez eramatekotan, istiluak datoz. Le Corbusierrek, Pabilioi Suitzarreko proiektuan (1930-1932), ezin hobeto egiaztatu zuen; ikasleen egoitza izango zen proiektu batetan, hegoaldeko fatxada oso bat beirazko plano bat bezala imajinatu zuen maisuak. Bero irabazi izugarriari aurre egiteko, beira bikoizdun itxitura eta aire egokitu sistema konplexu bat planteatu zuen. Aurrekontuak aurrekontu, azkeneko momentuan proiektutik nahitaezko bi baldintza horiek kendu zituzten kostuak zuzentzeko nahian eta, ondorioz, Le Corbusierren eraikina labe bat bilakatu zen.

Gaur egun, harriaren itxura izango duen termoa nahi dugu; hots, harri naturalez eraikitakoa dirudien etxe multigeruza bat, bi ordutan berotuko dena. Pastitxe horien itsusia deskribatzea subjektibitate ariketa besterik ez denez, ez dut jarraituko.

Laburbilduz, eta oso modu orokorrean hitz eginez: bi motako teknologia, bi motako bizimoduei erantsita. Bata, eguneko bizitza eroari eta hiperkonektatuari begira. Bestea, abiadura motelekoa, presa gabe bizi nahi dutenentzat. Edo jertse bat jartzea inporta ez zaienentzat.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *