Basque way of life

Gela ilunean jesartzen naiz. Arte erakusketak ikusten ditudanean sortzen zaidan ezinegona kontrolatuz, parean daukadan pantailari egiten diot so. Pantaila zeharkatzen duten lauza zuriko komun distiratsuak agertzen zaizkit. Jarraian, altzari megadendetan aurki daitezkeen egongelak, sukaldeak eta logelak igarotzen dira, erritmo geldo baina geldiezinaz.

basqueway“Gure Artea” erakusketan nago. Urtero, Eusko Jaurlaritzaren ustetan euskal artearen erakusgarri diren artistak erakusketa batetan topa ditzakegu. Aurten, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen bideoa saritu dute. Hau da, begien aurrean daukadan bideoa.

Tximino gor-mutu baten antzera, bideoaren zatiak bateratzeko saiakera hasten dut, zentzua bilatzeko ahaleginetan. Hurrengo irudi batean, eraikitze lanetan dagoen pisu batean murgiltzen naiz, igeltsu kartoizko paretak (hau da, pladurra, ene irakurle zintzook) kontu handiz aztertzen diharduten ezkonberri bikote batekin batera. «Hara, igeltsu kartoia», esaten dut nire baitarako, «horrek gauza bakarra esan nahi du: babes ofizialeko etxea!».
Nire susmoak konfirmatzen joaten dira, Lakuako Gobernuko Etxebizitza eta Gizarte gaietako sailburua dugun Madrazo jauna frontoi baten erdian topatzen dudanean, zozketa madarikatu horien hasierako txapa botatzen. Erretirodun batek zorro batetik zorioneko bola batzuk ateratzeko keinua egin zuenean, jarlekutik altxa eta ospa egin nuen, artearen krudeltasunak hunkiturik.

Eta tira, astebete ondoren, hemen nago, bideo horretan ikusi nituen gauzak burutik kendu ezinik. Krisiak bere ondorioak izango ditu; hori da segurutzat jo dezakegun gauza bakarra. Espainiako Gobernuak langabetuei hipotekaren kuotaren erdia bi urtez atzeratzeko aukera eman eta gutxira, promotoreei alokairu soziala sustatzeko eman behar zaizkien diru-laguntzen berri izan dut. Diru-laguntza horiek momentuan saldu gabe geratutako etxebizitzak Bizigune programaren barnean kokatzeko balioko dute.

Gure gazteluaren jaun eta jabe izateko garaiak iragan al dira? Urte batzuen buruan, nire uste apalez, begirada atzera zuzenduko dugu, eta zenbait gauza harrigarri aurkituko ditugu; esate baterako, babes ofizialeko etxeen zirkoa. Hau da, babes ofizialeko etxebizitzak erosteko aukera justifikatzea nolabait zaila suertatzen zait. Azken urteotan gauza “bitxiak” ikusi ditugu: babes ofizialeko txaletak, esaterako. Trastelekua, garajea eta igerilekua barne. Gora gizarte babesa!

Krisiaren ondorioz, bizitzeko moduak aldatuko al dira? Arkitektoon kezkak eraikin barneko funtzionamenduari daude zuzenduta, «zergatia» bilatu gabe. Azken finean, dirua jartzen dutenek ez dute galdera metafisikoetan ibiltzeko denborarik. Horren kargu egin beharko zutenek, hots, urbanistek, planeamendua diseinatzerako orduan ez dute hausnarketa sakonik burutzen. Hirigintza «seme motza» bihurtu zaigu. Arkitektoek kale, baita urbanistek ere –askotan arkitektoak dira azken horiek ere–. Politikariak diozue? Beno, beno, zuek eta zuen gauzak… Bizitzeko modu ezberdinak kalean dira jada. Nahiz eta guk nahi izan ez. Pisua konpartitzea, berrogeita piku urterekin gurasoekin bizitzen jarraitzea, etxea erosi eta gela bat alokatzea hipoteka ordaintzeko…
Honek guztiak azken hamar urteotan etxebizitzaren arkitekturaren inguruan egindako «ikerketak» lelokeria hutsak izan ez ote diren galdetzera narama.

Arkitektura jarduera endogamikotzat hartu dugu arkitektook, kanpoaldearekin harremana ez daukan ekintza bezala. Orain, hiritargoa, teknikariak, politikariak eta dirua jartzen dutenen arteko akordio batera heldu beharra daukagu. Hiritargoa, bizitzeko eredu berriak onartzeko. Teknikariak, irtenbide iraunkorrak sustatzeko. Politikariak, alde guztien arteko zubiak eraikitzeko. Dirua daukatenekin zer egin behar den… Beno, aurreko guztiek beren papera ondo jokatuz gero, ez du gehiegi ardura.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *