Rock & Roll arkitektura

Ostiralean mozkortu egin nintzen, aspaldiko partez. Lehenengo zerbeza Bauhaus eskolako elastiko bat zeraman zerbitzari poxpolin batek eskaini zidan. Artikuluaren entrega-epea hurreratzen den egunetan gertatzen ohi zaidan bezala, arkitektura ikusten nuen edonon. Hurrengo goizean, ogi bila nindoala, egunkariarekin batera arkitektura aldizkari bat erosi nuen, egun motelari iruzur egiteko nahian. Laugarren orria zabaldu eta…zas! Peter Zumthor-en kontzertuaren kartela! «Ah, ez barkatu, oraindik iratzarri gabe nago eta… arkitekto suitzarrari eskainitako erakusketa baten iragarkia besterik ez da». Tipografiaren eta ajearen kontuak.

rokanrolGaizkiulertu horretaz hitz egin nahiko nuke gaur, hau da, hasiberri den mendearen paradigmaz; arrakastatsu eta ezagun bihurtzea.

Iraganeko pasadizoak burura datozkit. Adibidez, irakasle nazkante batek, ipurdi-zuloa jada gorri zeukaten ikaslez lepo zegoen klase batetan, telepizzero moduan bukatu behar genuela bota zigunekoa. Beste hainbatek, aldiz, eskizofreniak jotako irakasleen bilinbolakak ezagutarazten zizkiguten: adibidez, Moneok Kursaaleko kuboetarako aurkeztu zuen plano sorta ikaragarria goraipatu zigunak (horrekin artisautza, ordena eta motel egiten den arkitektura aldarrikatu nahi izan zituen). Hurrengo batek, azkenik, gure A2 kutreetan zabaltzen ziren zirriborroak ikusita, «ez al duzue arkitektura aldizkaririk irakurtzen?» (sic) galdetzen zigun.

Tira, lan-munduan gauzak nola dauden ezagutu eta gero, egun barkatu ditut jada gizajo horiek. Ezagututakoak ezagututa, nor da eskizofreniko ez bihurtzeko gai? Arkitektoek eta musikariek gero eta antz handiagoa dugu inguratzen gaituen Rock & Roll arkitekturaren erruz. Eskizofrenia aipatu dut, eta aurrera jo baino lehen azalpena bat eman beharra dut. Egun, bi arkitektura mundu suma daitezke, dimentsio paralelotan bizi diren bikien antzerakoak: alde batetik, star-system arkitektura (Londoneko Olinpiar Jokoetarako antolatu den muntaia, adibidez), eta, bestetik, arkitektura «arrunta». Arkitektoek azken horrekin jaten badugu ere, mokadu goxoagoekin egiten dugu amets, dudarik gabe.

Postmodernismoa pasa da. Ismo guztiak pasa dira. Ez gara horretarako etorri hona, jaun-andreok. Rock & Rolla egiteko etorri gara. Eta zer da rock-and-rolla? Aitzinako erritmoetatik eratorritako erritmo azkar, bizi eta indartsua. Zure zentzumenak beteko dituena. Arkitektura liburuak pasa dira jada, aldizkariak nagusitu dira. Argazkiak testuen truke. Aitzinako erreferentziak hartzerik badugun arren, lengoaia berriak asmatzeko irrikatan gaude, nahiz eta hizkuntza horien erroek aurrekontuen barrabiletan sekulako ostikadak eman.

Harira itzuliz, har dezagun hizpide Londoneko proiektua. 2003. urtean aurrekontua 1,796 bilioi librakoa bazen ere, gaur egungo estimaziorik baikorrenek kopuru hori bostegatik biderkatzen dute, 9,35 bilioi libra esterlinatan kokatuz. Oso argi geratu da bost urte hauetan ikusitako infografiak zaborrera joango direla zuzenean. Rocka ahaltsua da, baina baita suntsikorra ere!

«Petardeo» munduan gertatzen den bezala, arkitekturaren munduan ere sariak izugarri ugaritu dira: Pritzker/Grammy, Europan/MTV Music Awards, IberFAD/Premio de la Musica, Stirling Prize/Brit Awards… Saridunek ospearen fruituak dastatzen dituzten bitartean, pertsona arruntok gure lagun taldearekin garajean entseatzen dihardugu, Pritzker saria jasotzen dugunerako diskurtsoa prestatzen.

Eskizofreniak jota gaude. Publizitate arkitektonikoaren ondorio zuzena da.

Rock mundutik harago doan «No Future» berak harrapatu gaitu! Punk arkitekturaz hitz egiten hasi beharra izango al dugu? Eraikinak hogei urte (edo aseguru etxeek balizko epetzat hartzen duten denbora) irauteko daude planeatuta; hau da, gutxienez, amortizazio epeak irauten duen arte.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *