Osakidetzaren egoitza berria

Arkitektura bere baitan justifikagarria den jardueratzat dugu. Hau da, tradizionalki gure hiri eta herrietako eraikinak beren inguruarekiko erlazio gutxirekin egin ditugu, aldamenean zer kokatzen genuen kontuan hartu gabe. Araudi batzuek askatasun hau errotik zapuzten badigute ere (hirien irudi «homogeneoaren» eta osasuntsuaren alde), oso profesional eta politikari gutxik hartzen dute paisaia kontuan.

osakidetzaArkitektura estilo bakoitzak («estilo» hitza gorrotagarria da, arina eta txolina, baina elkar ulertzeko erabiliko dugu, bale?) eraikina bere inguruarekin erlazionatzeko modu bat dauka, halabeharrez. Batzuek talka egiten dute inguruarekin. Beste batzuek, ordea, modu lasai eta orekatuan bat egiten dute paisaiarekin. Pasa den astean Bilbon Osakidetzako egoitza berriak (kristalezko) ateak zabaldu zituen. Eraikin ikusgarria benetan, eta konplikatua, ulertzeko zaila. Inguruarekin bat egiteaz ari bagara, esan dezakegu sudur azpian bonba zartarazteko taktika aukeratu duela Coll-Barreu arkitektoak.

Handik pauso gutxitara, Arte Ederretako Museoa dugu. Eraikin hori, bere historia luzean, bi handitze lanen lekuko izan da; jatorrizko proiektua Urrutia eta Cardenas arkitektoena izan zen. Mies MIT kanpusaren proiektuak prestatzen ari zen une berean, Bilbon traza orekatuz marraztutako adreilu gorridun eraikin bat jaio zen. Hamabost urte gerorago, Libano eta Beaskoa arkitektoek Miesek erakutsitako ikaspenak ondo aprobetxatu, eta hasierako eraikinari beste bat erantsi zioten, 50eko hamarkadan puntu gorena izan zuen arrazionalismoaren tankera jarraituz.

Azken ukitua 90eko hamarkadan izan zen, Getxo Antzokia lehiaketaren garaile suertatu den Luis Maria Uriarteren eskutik. Hiru mugarri arkitektoniko horiek elkar ulerpen eta errespetu handia erakusten duen multzo bat sortzen dute. Eraikinak, gainera, Casilda Iturrizar parkearekin paregabeki egiten du bat. Bilboren puntu «beroa» bihurtuko da aurki zonalde hura, Euskadi plaza eta Aldundiaren zeru-orratza direla medio.

Coll-Barreuren eraikinak, ordea, ez du halako jokorik bilatzen. Norabide paraleloan dauden bi prozesu gauzatu dira. Batetik, oxigenoa sartu nahi du hiri-bilbean. Zerbait freskoa, berria, indartsua. Eraikinak banakotasuna aldarrikatzen du (tira, aldarrikatu baino, oihukatu). Aldi berean, beiradun fatxadak ematen duen hiriaren islak aldameneko eraikinak fatxadaren parte ez-egonkorrak bihurtzen ditu.

Osakidetzako eraikin berria ikusgarria da, baina ikusteke dago bere funtzioa beteko duen ala ez. Nire uste apalean, funtzionaltasunetik aldentzen garenean, arazoak topa ditzakegu. Funtzionaltasuna «estilo» bezala definitu bada ere, azken finean kontzepzio bat da; Alvar Aaltoren ustetan, «arkitekturak gizakien bizitzaren alderdi oro hartzen duenez gero, benetako arkitektura funtzionalak batik bat gizakiaren ikuspuntutik izan behar du funtzionala». Aaltoren eraikinak erabilgarriak dira, eta ederrak (nire ustez, arkitekturaren Gustav Klimt edo Bob Marley da, mundu guztiak gustuko duelako).

Arkitekturan praktikan, proiektu bat egiteko momentuan, mila aldagai hartu behar dira kontuan: argia, kostuak, grabitatea, paisaia, atondurak, etab. Proiektugileak zenbat eta horietako gehiago menderatu, orduan eta eraikin hobea aterako da. Makina bihurtuko da orduan, eta makinak, ederrak izateko, erabili egin behar dira, funtzionamendu perfektua lortu.

Gure hirietan agertzen diren eraikinetan, politikarien, gizartearen edo batek daki noren influentziagatik, aldagai kopuru hori eraldatzen hasi da, eta zenbait aldagai beste batzuk baino garrantzi handiagoa hartzen ari dira. Ondorioa: arkitektura eta telefono mugikorren industria gero eta antz handiagoa hartzen ari dira. Ea urteek aurrera egitea guztiontzako mesedegarria den.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *