Formolean itotako arkitektura

Hiru gertaerek eman didate atentzioa azken egunotan: alde batetik, Damien Hirst-ek formolean itotako animalia gajoak nola saltzen dituen ikusteak. Bestetik, Maria Granados arkitektoaren blog paregabean (http://nmas1.wordpress.com/ helbidean. Dagoeneko gauerdiko algara sortarazten didan gauza bakarra) irakurritako testu batek eta, azkenik, Venezian egitekoa den Arkitektura Bienaleko komisarioak egin dituen adierazpen sinestezinek, (eta bide batez erakusketa osoaren lelo eta izaerak).

biennaleHiru gauza hauek elkarrekin talka egin dute, eta azkenaldian nahiko ernegatu nauen gai batekin erlazionatu dut. Arkitektoaren irudiaz ari naiz. Nolabaiteko eskizofrenia prozesu baten aurrean gaude arkitektoak, bi indar noranzko ezberdinetan tiraka arituko balitzaizkigu bezala. Alde batean, galtza motz eta eskularru gorriekin, teknika. Bestean, urdinez jantzita, artea.

Industria eta artearen arteko eztabaida arkitekturaren barren-barrenean dagoen zerbait da, errotik harrapatzen gaituena. XV. mendetik aurrera, arkitektoek «ogibidea» baino gorago dagoen dimentsio bateko «diziplinara» jo zuten. Horrela, egin beharrean, arkitektura ikasten hasi zen, hitza eta ekintza ezberdinduz. Hitza, gaur egun, planoak dira. Ekintza aldiz, eraikitze lanak.

Boulleren proiektu teorikoak arkitektura direnetz erabakitzeke dago, antza. Batzuek, funtzionalistek, eta eraikuntzaren beharra ikusten dutenek, ezezko borobila emango liokete gaur egun Newtonen zenotafioa bezalako proiektu bati. Bestalde, Aaron Betsky komisarioak (Montana, AEB, 1957) tinko agertu du proiektu honen aldeko jarrera. Betsky, bi urtean behin ospatzen den arkitekturaren festa honen zuzendariak, «eraikuntzarik gabeko» arkitekturaren alde agertu da, nonbait zilegi balitz bezala.

Zein lanbide zaila, alajaina. Subjektibitatearen erresuman, denok gara errege. Baina industriaren nazioan, akatsak, aseguru-etxeak eta arkitektoen kontrako isunak eta salaketak ugaritu besterik ez dira egiten. Normala, metro karratuko ordaintzen den dirutza ikusita.

Testuinguru horretan, Biennaleko arduradunek nonbait Eurovision modeloa gustuko izan, eta eraikitako eraikuntza gabeko erakusketa bat antolatu dute, performance eta guzti. Betskyk bere adierazpenetan ondoren botako dizkizuedan hitzen moduko esaldiak eskaintzen dizkigu: «Arazoa eraikinen eraikuntzaren bitartez ebasteko asmoa duen arkitektura faltsua da, hilik dago». Argi dago gutxienez erreakzio bat merezi duela.

Damien Hirst (Bristol, 1965) aipatu dut hasieran; artista britaniarrak, artearen industrializazioaren artistarik puntakoena dela erakutsi zuen joan den astean. Enkantean salmentarako espresuki egindako lan-sorta bat aurkeztu zuen aurreko astean Hirstek, bitartekariak (hots, %40a eramaten duten galeriak) alde batera utzita. DIY («Do It Yourself» edota «Egizu zure kabuz») politikaren erakusgarri, artistak 40.000 milioi lortu ditu Sothesbyn egindako subastan. Tanto bikaina, antza; higiezinen negozioak porrot egin eta gero, artelanek gora egingo dute, diruaren noraez biblikoaren erruz. Hirstek beste inork baino hobeto irudikatzen du artearen mundua; esanahi ez-materialez betetako ekoizpen material baten paradigmatzat dut. Hots, gauza bat (adibidez, formolean sartutako tigre-marrazo bat) saltzen dizu beste zerbait irudikatzen duela argudiatuz (kasu honetan «Gizakiaren Heriotza Antzemateko Ezintasuna»), baina azkenean hirugarren objektu bat saltzen dizu (king-size arrainontzi batean sartutako arrain hila alegia).

Erakusketan Bilboko bi estudio izango ditugu; IMB eta Suarez Santas arkitektoak. Estatu espainoleko pabiloiak «Eraikuntzatik, paperik gabeko arkitekturara» lelopean, belaunaldi pare baten buruan gertatu den aldaketa ikertu nahi dute. Azkenengo arkitekto belaunaldiek aurretik ia-ia paperean ezer marraztu gabe egin dute lan-mundurako jauzia, eta jauzi horrek nonbait teorian pentsaera arkitektonikoan aldaketa bat sorrarazi duela dirudi.

Beaux Arts mugimendutik aldentzea industrializazio aro batean sartzeko ahalegina izan zen, proiektuaren erditzea bera errotik aldatu behar zelako. Arkitektura industria bihurtu zen, baina denbora laburrez; II. Mundu Gerrak eragindako txikizioa berreraikitzen bukatu eta gero, funtzionalismoa eta arrazionalismoa bat-batean “estilo” bilakatu ziren. Eta estiloak, aldakorrak dira, «mutagarriak». Teknika (zientzia baten aplikazio gisa ulertuta) izateko aldakorregia.

Arkitektura arte bat bada, ordea, mutagarritasun hori desiragarria baino, ezinbestekoa da. Gure Euskarazko Wikipedian definizioa bilatuz gero, «errealitatea edo irudimena nolabait adierazteko giza-ekintza» gisa agertuko zaigu. Maria Granados arkitektoaren esanetan, arteak badu arkitekturak inoiz eskuratu ezingo duen ezaugarri bat: autojustifikazioa. Artea bakarrik justifika daiteke, beste inoren beharrik gabe.

Venezia paregabean kokatutako Arsenaleko lorategietan, ordea, Bramante aurkituko dugu, biluzik, erraiak aterata, eta formaleido bainu batekin gozatzen. Eta zer demontre, azkenean hala bada, hala bedi!

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *