Brad Pitt eta Shigeru Ban

Gaurkoan, bi izen eta izaera ezberdinekin nahastuko ditut bazterrak. Lehena, Shigeru Ban; 51 urte, Tokion jaioa. Bestea, Brad Pitt; 45 urte, Shawnee hirian, Oklahoman, jaioa. Bata arkitektoa da, Cooper Union famatuan burutu zituen ikasketak, John Hejduk irakasle izan zuelarik (Gordon Matta-Clark berak bezala), eta egun ospe handiko arkitektoa dugu (beno, izan beharko luke, nonbait mass-mediak konturatu ez badira ere). Bestea… beno, detaile guztiak dakizkigula suposatu eta aurrera joko dut.

bradBrad Pittek arrakasta, talentua, mundu honetakoa ez den irribarrea dituela aski ezaguna zen, baina bere arkitektura zaletasuna 2006. urtean nabarmendu zen, Katrina urakanak egindako txikizioaren kontura hain zuzen ere. Aktoreak eraikuntzaren munduko profesional talde bat bildu zuen eta berreraikitze lanak abian jarri zituen. Ameriketako Estatu Batuetan hain gustuko dituzten diru-bilketak antolatu zituen bere Hollywoodeko lagunen artean, eta hoop!, Make It Right (MIR) izenarekin ezagutuko proiektua jarri zuen martxan.

MIR proiektuan, 150 etxebizitza eraikitzeko asmoa dago, betiere karitatetik lortutako aurrekontu batekin. Kontzeptua (ideia on guztiak bezala), sinplea da; berreraiki behar bada, egin dezagun ondo. Pittek aurkeztutako proiektuan (beno, ez zuen berak egin, baina ez dut uste Zaha Hadid berak ere bere proiektu guztiak eskuz egingo dituenik) Lousianako arkitektura tradizionaletik eratorritako diseinu bat aurkezten zaigu: etxabea lurretik banandutako gorputz prismatikoa da eta elbarrituen irisgarritasuna bermatzeko arrapalak ditu, baita sozialki hain beharrezkoak diren portxeak ere.

Pitt, antza, animatu egin zaigu, eta azken urteotan bere ekoizpen arkitektonikoa areagotu egin da (aipatzekoa da 2001. urtetik aurrera Frank Gehry eta Pitt adiskide min bihurtu direla). Arkitektooi hain gustuko zaigun harropuzkeriak agian ez digu bere obra komenigarria litzatekeen ekidistantziarekin epaitzen utziko, baina inbidiaren itzala ageria da oso; begi urdineko mutiltxoak nahi duen guztia egiteko nahi adina diru dauka. Arkitekto batentzat zer desiragarriago?

Egunotan Ike eta Gustav urakanen ondorio politiko, sozialak eta ekonomikoak ikusi ditugu. Mota honetako gertaerak jasotzen diren une orotan bezala, larrialdiko arkitekturak plazara egiten du salto. Horrela ba, gure bi pertsonaien bigarren lotura jarri da agerian.

Orain dela pare bat urte, Shigeru Ban japoniarra entzuteko aukera izan nuen Gasteizen, Santa Maria Fundazioak antolatu zituen hitzaldi interesgarri batzuetan. Bertan, arkitektura ikasle eta politikariz betetako agertoki baten aurrean, Patxi Mangado, Carles Ferrater eta Ban berak egin zuten berba, batak bestearen ondoren. Mangadok, gerora bere proiektuetan antzematen ez den sugar iraultzaile batekin hitz egin zuen. Ferrater, star-systemaren ikono batek hain beharrezkoa duen handinahikeriarekin aritu zen. Ban jaunak, azkenik, bere proiektuak japoniarren erritmo berezian azaldu zituen.

Hiruretatik, Akira Toriyamaren komiki batetik irten dela dirudien jaun zapal eta bibotedunak txunditu ninduen. Ban, Hannover hirian izandako Erakusketa Unibertsaleko Japoniar pabiloiaren proiektuarekin sartu zen arkitekto ospetsuen panteoian; mundua liluratu zuen kartoi eta paperez egindako bere diseinuekin. Japoniako araudi zorrotza gaindituz (arkitektura onak normalean diru kopuru izugarriak gastatu gabe egin ohi duen bezala), kartoizko egituradun eraikinak proiektatzen hasi zen.

Hori ez zen izan, hala ere, nire harridura piztu zuena. Umiltasun osoz, bere proiektu handiak aurkeztu eta gero, 2004. urtean Indiar ozeanoa astindu zuen tsunamiaren ondorioei aurre egiteko proiektu sinple bat azaldu zuen. Banek, kaltetuentzat gordeleku duinak egiteko, paperezko tutu itxurako egitura modularrak erabili zituen. Egitura prest zegoen (oso merkea, arina eta garraiatzeko erraza zen), baina estalkiaren materiala falta zen oraindik ere. Konponbidea: Japoniako garagardo enpresa mordoa konbentzitzea plastikozko publizitate toldoak eskuratzeko. Horrela, errefuxiatu zelai askotan, urte bateko epean bai behintzat, milaka pertsonek babesleku minimo bat eskuratu zuten. Gainera, Asahi garagardoaren publizitate eta guzti!

Ezingo nuke esan bietatik zein den hobea… Seguru aski horrelako gauzak mundu arkitektoniko-petardo honetan existitzen ez direlako. Bi pertsonaia hauek komunean dituzten puntuetara egiten dut so, besterik gabe: arkitektura giza ekintzetan sartu behar den ekimena dela, hain zuzen. Ekuazioan pertsonak sartu, bizitzeko modu berriak, alajaina. Eta, horretarako, norberak bere esparrutxoan dituen lanabesak erabili behar ditu. Kasu honetan, Pittek bere irudia saltzen du jasangarritasuna eta eraikuntza berdea sustatzeko. Bere tresnarik onena bere aurpegia denez gero, ondo egiten du.

Banen kasuan ordea, japoniarra arkitekturaz harago dagoen mundu batetan sartzen da zenbait kasutan, baina betiere ikertzeko grina sutsuarekin. Adibide bezala, Naked House (Etxe Biluzia) bere proiektua: barrutik hutsik dagoen etxe bat da, atondura guztiak fatxadan kokatuta baitaude. Barruan, gela tradizionalen ordez, gurpildun kubikuloak, batetik bestera zure desioen arabera mugi daitezkeenak.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *