Dragoiaren baserriak

Udara honetan dastagarri izan dudan «Elurra» eleberrian, Ekialde eta Mendebaldearen artean banatutako Turkia bat aurkitu dut. Bere egilearen begietatik -arkitektura ikasketak hasitako Orhan Pamuk idazlea-, Mendebaldea maitasun eta gorrotoen xede bezala aurkezten da, identitatea definitzeke daukan muga-hiri baten agertokia atzean duela.

txinaTxinako olinpiadak eta arkitekturak jokatzen duen papera gaur hizpide izanik, Nobel sariak islatutako eskizofrenia kultural hori datorkit burura. Gaur egun bizirik dirauen «Erraldoi Komunista» bakarrak, bere identitatea aurkitzeko saiakeretan, Mendebaldea eta Ekialdea etiketak alboratu ditu eta hiztegi berri baten bila abiatu da. Komenigarriagoa litzateke epiteto geografikoak alboratzea, eta «herri garatu» edota «garapenik gabeko herriei» buruz hitz egitea.

Luis Fernandez Galiano arkitektoak -ez dakienarentzat Estatuko arkitektura kritiko handienetarikoa eta «AV» aldizkariaren zuzendaria da-, «Ekialdeko Erraldoian» bildu diren arkitekto handien inguruko hausnarketa bat luzatu zigun bere artikulu batetan: onenak, okerrenentzako ari al dira eraikitzen? Boteretsuen eta arkitektoen arteko erlazioa ez da berria, baina azkenengo bost urteotan Txinako hiriak eraldatu dituzten proiektuen handitasunak eta itxura berritzaileak, harreman hori aspaldiko partez nabarmendu du.

Mendebaldeko izenen artean, punta puntako izenak ditugu; Skidmore, Owings eta Merrill, MVRDV, Chipperfield, Foster, Zaha Hadid, Herzog eta De Meuron, OMA. Azken bi estudioek Txinan arkitektura berriaren aurpegi ezagunenak diseinatu dituzte: Beijing-eko estadio nazionala eta CCTV telebista berriaren egoitza.

Azken urteetan Txinaren lurretan loratutako arkitektura mugarriek Dragoiaren joera aldakorrak ematen dituzte aditzera. Bertakoa eta modernoa den nortasunaren bila ari dira txinatarrak. Benetakotasun baten atzetik ari dira, baita, behar izatekotan, mila urteko ondare kulturala atzean utzita ere.

Afera ez zaigu arrotza; Euskal Herria zipriztintzen dituzten «neobaserri» itxurako txaletak benetakotasun baten bilaketaren isla dira. Behar funtzional batetik ateratako keinu formalak (baserriaren hegalkinak edota leihoen simetria), gaur egun imintzio kitschak bihurtu dira. Baina, zergatik ez gara horretaz jabetzen? «Baserria» jada ez da makina bat, ez da arazo funtzionaletatik erdiesten den ondorioa; funtzioak formari laga dio txanda. Aditzetik izenera pasatu gara, eta, ondorioz, gure begien aurrean, benetakotasun bat lortu dugu.

Txinako arkitekturan, arazoa berdina izanik, ondorioak modu arinago batetan hartzen dira. Gainera, arkitektoek jarraitzen duten lan-prozesua ezberdina da; proiektu bat aurrera eramateko, iruditxo eta maketa batekin aski omen da. Gerora, eta makina dohakabe baten prezisioarekin, proiektua bere «sortzailetik» (Mendebaldeko gizabanakotasun kontzeptutik sortutako hitza, Ekialdean deus balio ez duena) aldenduz. Proiektua zatitu eta ebatziko da, parteak bata bestearekin kontakturik izan gabe mantenduz. Azken fase batetan, guztia batu, eta proiektua gauzatu egiten da, beharrezkoa izatekotan, gainera, hasierako ideiarekin atxikimendu guztiak alboratuz. Gure lan moduarekin alderatuta, ezberdintasun nagusi bat dago: ideiak mutatzeko arazo eta konplexu gabezia. Azken emaitza positiboa izateko, behar adina aldaketa eta perbertsio egingo dira.

Aitortzea latza bada ere, arkitekturarentzat garai kitzikagarriak dira; Ekialde Urruneko hiri-orubeetan, egun aurki daitezkeen proposamen arkitektoniko zirraragarrienak topatzen ditugu. Galianoren artikulua jarraituz, 1978. urtetik abian den Txinako iraultza isilaren onurak nabarmentzen ditu arkitektoak, «okerrenentzat» eraiki ordez, «onenentzat» arituko ez garen ihardetsiz. Nik beste galdera bat egin nahiko nuke ordea: onenak ondo eraikitzen ari al dira?

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *