Urdaibaiko gizona

Udako oporrak hasteko prestatzen ari naizela, oihartzun ugari heltzen zaizkit, leihotik harago.

Alde batetik, Erakusketa Unibertsalean prestatu duten hondartza artifizial batetan, ezbeharra gertatu eta tamalez mutiltxo bat ito egin dela. Bestetik, Urdaibaiko itsasadarrean, Bizkaiko Foru Aldundiak egun Bilboko urguilua den Guggenheim museoaren handiketa bat planeatzen dabilela.
urdaibaiDespiste orokorra aprobetxatuz, zenbait prozesu eta ekimen politiko abiarazten dira, akaso hiritargoaren aisialdiarekin lotu nahian. Egunotan ere AHTren lanen adjudikazio enkargu berriak eman dira. Eta guztien inguruan, hedabideak eta bereziki telebista, krisia hitza errepikatzen, bere zentzua galdu arte.

Eraikuntza munduarekin oso lotua dagoen enpresa baten ordezkari batek, krisia zela eta, “ziklo” eta “antizikloei” buruz jardun zen telebistan. Nonbait eraikuntzaren “zikloa” bukatzen denean, zaharberritze lanen “antizikloa” hasi egiten da. Guzti hau, lana ziurtzat duenaren irribar oparo baten atzetik bota zuen gure enpresari maiteak telebista kameren ahuntz begien aurrean. Arnasketa prozesu bat balitz bezala, hiri-ehuna puztu egin da azkeneko 50 urteetan (demagun 56.eko Lurraren Legetik gaur egunera), eta ondorioz hustu egin behar da.

Ala ez. Antiziklo horretan, eta X enpresariaren esanak jarraituz, Eraikuntza andreak Obra Zibila jaunari laga behar dio lekua. Garapenak beti joko du aurrerantz, beti zabalerantz. Gure begien aurrean hainbat proiektu estrategikoen gauzatzea dugu; hemendik gutxira plazara agertuko dira Pasaiako portuaren tira-birak, Urdaibaiko Guggenheimaren hika-mikak, edo ta AHT salbatzailearen plisti-plastak.

Promotore pribatuen eskuetatik, erakunde publikoen eskuetara mugitu da Eraikuntzak (eta ondorioz Arkitekturak) hain beharrezkoak dituen diru kopuru izugarriak. Lehenbizi dirua, gero Arkitektura, eta ostean, Eraikuntza. Edo ez! Urdaibai kasuan, lehenbizi Arkitektura, gero Dirua, eta azkenik Erainkuntza izango dugu. Ez ahaztu, irakurle maiteok, Arkitekturak azpijoko eta maltzurkeriak izan dituela betidanik gustoko; Deyan Sudjic idazlearen liburuan agertzen den bezala (The Edifice Complex, gaztelerara itzulita izan dena), arkitektoak politikaririk azkarrenak izan ohi dira. Bizkaiko Aldundiak Bilboko irudia eraldatu zuen museoan izandako kide guztiak limurtzen hasi da, ahal duen koipe guztia emanez. Momentuz, Eusko Jaurlaritzak ez du oso konbentzituta ematen, baina batek daki.

Eta, bitartean, Arkitektura andrearen malabarismoak ikusi daitezke, printzipioz harrigarri bezain ilogiko den abiapuntu bat errealitate bat bihurtzeko; Guggenheim museoa txiki gelditu da, eta handitzeko lanak biosferaren erretserba batetara eraman nahi dira. Noski, lekua babestuta dagoenez, ezin da bolumen gehiago eraiki, eta aurrezki kutxa batek duen udalekuetarako etxe bat kokatzen den orubean egongo dira. Ah! Bide batez, esan beharra dago etxe horrek Babespen erregimena daukala, eta ondorioz ezin izango dela bota. Agintariek, proiektuaren zailtasuna ikusirik, atzerriko profesionalei luzatuko diete gonbitea, eraitsi ezin daitekeen eraikin baten eraispenaren proiektua egiteko.

Nere gomendioa; opor hauetan, turistak biziki espero dituzten alkateei mesedea egiteagatik bada ere, Urdaibaiko itsasadarreko uretan murgiltzea da. Hortik, arkitekturaren beste bitxikeri batetik pasatzeko gonbitea egiten dizuet; hondartza ez dagoen Zaragoza hiriko eraikinak ikusi, dastatu, apurtu eta zati bat bederen etxera eraman, hemendik gutxira eraitsi eta parke komertzial batetan bihurtu baino lehen. Politikari azkarrak baino, arkitektook aztien lana egin behar bait dugu alditan, ezinezkoaren gauzatzea, nahiz eta bide batez jendea barrez akatu.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *