Suediako intxaurrak

Udako oporrak direla-eta bi lagun suediar izan ditut nire etxean. Ellinor eta Dennis bi gazte suediar «normal» dira. Biak dira ingeniariak, bata eraikuntza arlokoa eta bestea telekomunikaziokoa.

SuediaEuropa iparraldeko «welfare» estatuaren gorabeherak entzun eta gero, aurretik dugun bidea luzea bezain zaila iruditzen zait. Adreiluak alde batera utzi gaitu, eta bere gabeziak bide horren zailtasunak eta miseriak agerian uzten ditu. Nahi eta ezin batean sartuta egon garela, alajaina.

Ellinorrek, eraikuntza arloko aholkularitza enpresa batean egiten du lan, segurtasun eta osasun sailean. Noski, suediar atsotitz bat hartuta, “belarrak beti ematen du berdeago hesitik harago”. Edo urrutiko intxaurrak…, nahi duzuen bezala. Nahiz eta beraien jaioterriko eredua hemen «kopiatzea» ezinezkoa izan, ugari ikas genezake haiengandik. Adibidez, lanean segurtasuna nola kudeatu eta hain ankerra den eraikuntza arlo honetan bereziki.

Buruan pentsamenduok nituela, tubo katodikoaren bestaldetik ezusteko bi albisteren oihartzuna iritsi zait. Lehena, Zorrotzaurreko penintsulan jada garai bateko boterearen erakusle genituen fabrikak eraisten ari diren makinen burrunba etengabea. Bestetik, Martinsa-Fedesa enpresa eraikitzailearen ordainketa-etendura, joan den apirilean Urazca enpresa eraikitzaileak bizitako egoera errepikatuz (baina bider ehuneko eskalan, noski). Ekimen pribatuek utzitako hutsunea administrazioek bete beharko dutela ematen du.

Espainiar estatuaren zenbakiak izugarriak dira; eraikuntza arloan, Europan gertatzen diren istripuen %20 iberiar adreiluaren erresuman gertatzen dira. Europar Batasunean 2007an hildakoak 1300 lagun inguru izan baziren, Espainiar Estatuan 282ra heldu ziren.

Euskal Autonomia Erkidegoan 56 kasu izan genituen. Baina noski, Suedian 75 besterik ez ziren egon. Estatuan lan-munduan dabiltzan langileen %11,9k eraikuntza arloan egiten du lan, Suedian berriz %5,5ek bakarrik. Adreiluaren pisu espezifikoa berriro ere.

Urrutiko intxaurrak ostera. Edo ez. Orokorrean hartuta, hiru aldagaik eragiten dituzte lan istripuak; legediaren malgutasunak, enpresarien erantzukizun ezak eta langilearen beraren kontzientzia ezak.

Ekonomia hazkundearen ondorioa jaso ondoren, ezarritako legediak ezin izan du lan istripuen kopurua murriztu. Eraikuntza bolumen handiko lekuetan, -Malaga edo Madril kasu-, Lan Ministerioko ikuskariak lanez gainezka egon dira. Lan istripuak hain dira ugariak, ezen ezbeharra gertatu eta gero bakarrik egon ohi baitira bisitak, prebentziorako denbora barik.

Azken urteetan legediak aurrerapauso ugari eman baditu ere, batzuetan eraikuntza egitekoa den tokian baino epaitegiaren hormetan pentsatuta dagoela ematen du. Horra, araudiaren errua. Enpresariarena, epeak murrizteagatik etortzen dira normalean, eta enpresa eraikitzailearen tamainaren arabera aldatu egiten da. FCCren tamainako konstruktora batek ondo daki zein garrantzi duen langileen segurtasuna bermatzeak, bueltan etor daitekeen diru galera dela medio. Horregatik, ez da batere harritzekoa enpresa handien aurrekontuetan segurtasun arloak aldez aurretik %6-10 inguru jasotzea. Osterantzean, geroko gastuak askoz handiagoak izan daitezke.

Ehuneko hori, jakina, enpresa handien eta ertainen kasuan bakarrik izaten da probetxuzkoa. Enpresa eta subkontrata txikien kasuan, segurtasun neurriak oso urriak izaten dira, eta hiri handietako etxe-orratzetan ikus daitekeen bota, eskularru, kolorezko peto eta kasko dantza ezingo dugu topatu.

Azkenik, beharginen errua; askotan gure langile kontzientzia alde batera uzten dugu, eta ez gara arriskuez jabetzen. Azken urteotan merkatuak egoera bitxi bat ahalbidetu du; batetik, bete behar zen lan bolumena hain handia izanik, eskarmentu txikia duten langileak kontratatu dira (Madrilen, esaterako, Hego Amerikatik etorritako eskarmenturik gabeko langile kopurua izugarri handia da). Bestetik, lana “ziurra” zenez, segurtasun neurriak ez betetzeagatik lanetik kanporatzen ziren beharginak, aldameneko eraikinera pasatzen ziren zuzenean.

Hemendik aurrera, hasi berri den krisi garai honetan, bi norabideko bidaia hasiko dugu, ene uste apalean; eraikuntzaren oparotasun garaietan idatzitako legediek lan segurtasunaren kalitatea bermatuko dute, egun lortu den mailara arte, gutxienez. Baina enpresariek, etekin bera eskuratzeko, nonbaitetik atera beharko dute falta zaien aurrekontuen zati hori eta, zoritxarrez, litekeena da segurtasunak berriz ere murrizketak izatea.

Aldaketa kulturala izan daiteke. Suediarrak gu baino “zibilizatuagoak” dira beharbada. Edo agian gauzak egiteko modu geldoagoa dute, komite ezberdinen onespenen beharrekin. Stockholmeko edozein eraikuntzak eraikitzeko lizentzia jasotzeko behar duen denborak eta hemen beharrezkoa denak ez daukate zerikusirik. Noski, urrutiko intxaurrak oso garestiak dira, eraikuntza -eskubide gisa aurkezten diguten arren- negozioa eta industria baita, eta enpresek dirua nahi dute. Egoera hau aldatzeko hiru alderdi jorratu behar dira; legediak zorroztu (eta kontrolak areagotu), enpresariak behartu eta langileak konbentzitu. Ea honela krisiaren ondorioetako bat segurtasun neurriak handitzea den.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *