Aldi baterako gune autonomoak

Aitortzen dut: artikuluaren estreinako hitzek atzamar puntetatik pantaila zurira salto egin behar duten momentu berean, nire begiek apalategiko liburutxo beltz batetan erreparatu dute. Eskua luzatu eta «Euskadiko Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legea»ri heldu diot. Hitzaurrean jasotako Euzkitzeren bertsoaren ondoren, gure lurren parte handi bat arautzen dituzten 258 orrialdeak azaldu zaizkit.

autonomiaProiekturik xumeenak ere, hamaika araudi izango ditu betetzeko. Arkitektura ez da egoera hori pairatzen (edo gozatzen) duen esparru bakarra; araudi, lege eta normalizazio zorrotzen etengabeko teknifikazio prozesu batetan murgilduta gaude. Nik, egia esan, ez dakit hori ona edo txarra den, baina gauza bat argi dago: hemendik urte batzuetara, demagun 50 urtera, autonomiadun espazioak, edo hobeto esanda jarduerak, gauza bitxia izango dira. Milaneko hirian pasa nuen denbora gainera datorkigun etorkizun horren lekuko izan nuen. Italia iparralde aberatsaren hiriburua da Milan, herrialde osoko eragile ekonomikoa. Motor horren indarrak hiria eraldatu du, giza-eskala gutxituz, eta zenbait tokitan, desagerraraziz.

Dirua da gakoa. Mendebaldeko hiri askotan legez, kapitalismoak gune publikoa bereganatu du, tarte gutxi (edo batere) lagaz prozesu kapitalistetatik kanpo gelditzen diren ekimenentzat. Hiri-elementu demokratikoen gabezia larria zuen Milanek, eta hiri horretan bezala, kaleko bizitza ahalbideratzen duten elementuak, giza dimentsioaren elkar banaketarako tarteak, desagertuz joan dira beste leku askotan ere.

Akaso horren kontra egiteko, Milaneko hirian 70eko hamarkadatik hona, 50 zentro sozial baino gehiago ireki dituzte. Espazio horiek Euskal Herrian Gaztetxe izenarekin ezagutzen baditugu ere, Estatu espainiarrean Zentro Sozial Okupatu eta Autogestionatu izendatzen dituzte eta Italian, azkenik, CSOA.

Arauditik harago doazen espazio horiek mota eta kopuru anitzetan topa ditzakegu, eta hiriak hilzorian lagatako parteetatik elikatzen dira. Leoncavallo zentro soziala, adibidez, Sesto San Giovannitik oso gertu kokatutako zonalde industrial batetan jaio zen; ez hori bakarrik, bertako langile-mugimenduekin estuki erlazionatu zen. Italian eta Estatu espainiarrean adibideen kopurua izenen edertasunarekin pareka daiteke; Teatro Polivalente Ocupatto (Bologna), CSOA Cortocircuito (Roma), Bonberenea (Tolosa), Kukutza (Bilbo), La Eskalera Karacola (emakumeek kudeatutako Madrileko etxe okupatua)…

Gune horiek Aldi Baterako Gune Autonomoak dira. Izena Hakim Bey egileak 1990. urtean argitaratu zuen saiakera misteriotsu bezain kitzikagarritik dator. «Temporary Autonomous Zone» hauek mugimendu anarkistaren bihotzetik aterata ziren, Leviathan-Estatuaren irudi eta kontrola etengabe saihestuz.

Espazio autonomoek dena kontrolatu, sailkatu eta normalizatu nahi duen Estatu batetik egiten dute ihes. Gaztetxeak perfekzio horren zirrikituetan jaiotzen dira; araudia heltzen ez den tokietan eraikitzen dira ametsak eta ilusioak. Beyren esanetan, eta definizio berak aitortzen duen bezala, aldi baterako ekimenak dira. Gaztetxe orok dauka, bere izaeraren arabera, nonbait idatzita bere iraungitze-data. Adibidea Madrilgo «El Laboratorio Okupado» zentro sozialean daukagu; bata bestearen atzetik, poliziak itxitako lau egoitza desberdin izan zituen Lavapieseko gune autonomoak.

Arteak eta arkitekturak «Temporary Autonomous Zone» hauen adibidea jaso dute, eta inguru ezberdinetan errepikatu. Adibidez, Maider Lopez artistak antolatutako «Ataskoa» datorkit burura. Intza herriko errepide luze batetan izugarrizko auto-pilaketa antolatu zuen donostiarrak, mendiari guztiz arrotza zitzaion testuingurua emanez.

Arkitekturan, Estatu mailako adibideak oso nabarmenak ez badira ere, egon badaude. Arkitekto belaunaldi berri batek etxe okupatuetan arnastutako lurrinak eman dizkigu dastatzeko, gutxika eta modu isilean. Donostiako Simbiocity jardunaldietan oraintsu egondako Andres Jaque arkitekto madrildarrak, 12 ekimen desberdin burutu zituen Peter Einsenman Santiagon egiten ari den obran lanak hiriaren parte egiteko. Teknika ugari erabili zituen, artea, arkitektura eta mass-mediaren arteko lotura bat eginez. Baina zentzua, gakoa, aldi-baterako eraldaketa zen.

Adibide gehiago ere badaude: Ecosistema Urbano eta Vallecas auzoan diseinatutako «Ekobulebarra». Totem teknologiko batzuek zabalgunea zeharkatzen duten espazio publikoak, bulebarrak, egituratzen dituzte. «Aire-zuhaitz» horiek, mikro-klima bat eratzen dute barnean, hezetasuna, eguzki-emaria eta itzala kontrolatuz. Zuhaitzen artean, umeen jolasak, eta betiko hiztegi urbanistikoa. «Arbola» horiek goraipamenak eta gaitzespenak jaso badituzte ere, ukaezina da paisaian haize berri goxoak ekarri dituztela. Gainera, bide batez, arkitekto belaunaldi gaztea behingoz nabarmendu dute.

Baina kontu honetan, izen handiak eta ospea gutxieneko kontua dira. Zuen, gure esku dago. Eraldatu, irauli, aldatu, eta sortu, asmatu, amestu. Etengabe higitzen den hirian, zirrikitu batetan sar zaitezte, bertan topa dezakezuena gozatu, eta botatzen zaituztetenean, beste berri baten bila hasi.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *