Berde bertikala

Ez genekien zehazki zuri eraikin berriak gustatzen zitzaizkizun edo ez» esan zuen. «Nanotekno eraikinetaz ari al zara?». William Gibson idazlearen «Idoru» elaberritik jasotako hitz horiek, gaurko gaia aurkezteko hitzaurre bezala erabili nahi nituen: etxe-orratz «berdeak», hau da, ekologikoak.

berdebertikalaGibsonen nobelan, nano robotek lurrikara batean suntsitutako Tokioko hiria behin eta berriz eraikitzen eta eraisten dute. Hasteko, beraz, estreinako eskala, hiria.

Neure pausoak Wikipedian galduta nituen gau batetan, «Historical Urban Community Sizes» artikuluarekin egin nuen topo. Zerrenda luze batek, historian zehar munduko hiri garrantzitsuenek izandako biztanle kopurua erakusten du. Zenbakiek progresio geometriko bat jarraitzen dute; Mexiko Hiriak adibidez, 100 urteren buruan bere biztanleria %4000 bat handitu du 2000. urtean 16 miloi arimentzako hiriburu bihurtu arte. Zenbaki handiek txikiek bezain beste harritzen naute; Madrilek, XVIII. mendearen hasieran, 125.000 biztanle zituen (gaur eguneko Barakaldok 95.000 ditu).

Bigarren eskala, auzoa. Arkitekturaren prentsa arrosa irakurrita, egun pil-pilean dauden etxe-orratzen proiektuak azaltzen zaizkigu edonon. Bertan zenbat pertsona bizi daitezkeen pentsatuz gero, auzo oso bat sartzea posible dela bururatzen zait. Atera ditzagun kontuak; Burj Dubai proiektuak (818 metroko altuerako eraikina da; beraz, zeru-orratzaren definizioa bete-betean atxikitzen du), 300.000 metro karratu inguru izango ditu. Kontuak azkar aterata, 10.000 pertsona bizitzeko lekua dago bertan. Beste hitzetan esateko, zergatik ez horrelako 30 eraiki eta Bilboko biztanle oro bertan sartu? Dubaiko proiektuko dorreak 1.800 metro karratu inguru izango ditu, eta Bilbok, aldiz, 4.126.000.000 metro karratu ditu; horrek metro karratu libre asko ematen dizkigu, ez al da ala?

Edo bestera esanda, Le Corbusierren Ville Radieusea, modu postmodernoan. Charles-Édouard Jeanneret-Gris arkitektoak 3 milioiko hiria planeatu zuen, gaur egun «green» etiketa jasoko zuten irizpideen lemapean; gune berdeak handitu eta etxeen artean tartekatu, eguzkitzea hobetu, hiri barneko trafikoa gutxitu. Modernismoak harrotutako aldaketen hautsak, beranduko kapitalismoak jasoko zituen gerora. Ondorioz, asmo iraultzaile eta sozialistarekin jaiotako estiloa, gerraondoko mendebalde boteretsuaren estilo bihurtu zen.

Dentsitate altua bi aurpegiko ezaugarria da: alde batetik, ona da azpiegituren kostu energetikoak gutxitzen dituelako, eta, bestetik, txarra da deseinu soziala alde batera uzten baitu normalean. Oreka oso fina da; Boluetako auzo bilbotarrean egiteke dauden eraikinetan, dentsitate izugarrizko zeru-orratzak ahalbideratu ditu gizarte egoera jakin batek. Aldiz, etxebizitzen salneurriak jaitsi ahala, promotoreen etekinak behera egiten dute, eta, ondorioz, proiektuaren balioa zalantzan jartzen da.

Bale, ados, demagogiarako tartea bukatutzat ematen dut, barkatu. Hirugarren eskalara jaitsiko gara, eraikina. Mende berriarekin batera, etxe-orratzaren irudiak sekulako eraldaketa jasan du. Alde batetik, 2001eko iraileko erasoak direla-eta; mendea hasi berria bazen ere, arkitekturaren postmodernitatea bere bukaerara heldu zen nonbait. Bestetik, mendearen atondoan, 1997an, Norman Fosterrek tipologia bat asmatu zuen Commerzbank eraikinean; bere 299 metroetan, eraikinak arkitektura «berdea» erakutsi zion oraindik aldaketa klimatikoa sinetsi nahi ez zuen mundu bati.

Gaur eguneko tendentziak Commerzbank proiektuan izan zuen hasiera, orain dela hamar urte baino gehiago: energia-eraginkortasunari begiratzen dion bikaintasun diseinua. Eraginkortasun hori lortzeko sistema teknologikoak hamaika dira, eta uste baino «sinpleagoak»; aireztapen naturala eguzki-emariak aire masa mugitzeko; euri-uren berrerabilpena; eguzki panelak; fatxadaren banaketa energia-ekarpenak lortzeko. Sarritan, arkitektura tradizionaletik eratorritako sistemak dira horiek.

Egun diseinatzen diren zeru-orratzek, garai bateko erraldoiek ez bezala, inguruari egiten diote so; haizearen, eguzki indarraren eta gertu daukaten gune berdeekin hitz egiteko desioa erakusten dute. Horrenbestez, haize turbinekin hornituta berezko energia ekoizpena lortzen duten zeru-orratz asko ikus ditzakegu egun.

Gaur egun zeru-orratzek ez dituzte garai bateko etekinak ematen. Hiri postmodernoan, beren nortasuna botere guneetan plazaratzeko beharra izan zuten mundua banatzen ziharduten multinazionalek. Adibideak ugari dira: Johnsonen AT&T eraikina, aurki World Trade Center eraikina berreraiki behar duen SOM hirukoteak egindako Sears dorrea…

Hiri postmodernoan, beraz, eta Koolhasek Manhattani buruz hausnartu bezala, etxe-orratza=gizabanakoa.

Baina, gauzak aldatzen ari dira. Garai bakoitzak bere beldurrak, itxaropenak, kidetzak eta fobiak artearen bidez adierazten dituela esaten da. Arkitekturaren kasuan, energia berdearekin hornitutako luxuzko etxe-orratzak, gure positibismo teknologikoaren Ama Birjinaren irudiak dira; otoi egiteko tokia, gure errudun sentimendua gainditzeko Babel dorreak.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *