Nortasun krisia

Elhuyar hiztegiak, bere 2003ko argitalpenean, «krisi» hitza honela definitzen du; 1. iz. Zerbaiten bilakaeran gertatzen den une edo epe larria. Egunotan aspertzeraino aditu dugun hitza ulertzeko ahalegin bat eginez, «larri» hitzak benetan zer esan nahi duen arakatzera jo dut, definizio kurioso batekin topatuz; 1. izond. Tamaina, pisu, gorabehera, garrantzi handikoa.

nortasunkrisiaSusmoak konfirmatuz, krisiak ez du zertan txarra izan behar. Horrekin ez dut inguruan ditugun zenbait gertaeren garrantzia gutxietsi nahi, adreiluaren ekonomiaren porrota (iragarria, aurreikusia eta zabaldua izan bada ere, nolabait «ezustean» harrapatu gaituen hau), edota mundu osoa pairatzen ari den oinarrizko elikagaien gabezia ez baitira inolaz ere txantxetarako gaiak.

Zentzu negatiboak albo batera utziz, krisiaren alde baikorrarekin geldituko gara. Panta rei lelo latinoaren zentzuarekin; mutazioa. Aldatuko ez dena, hil egingo da; sistema dinamikoetan gaude murgilduta, denboraren menpeko funtzioetan.

«Arkitektoek hemeretzigarren mendeko iruditik aldendu beharra dugu». Borja Izaola arkitektoak modu lasaiz eta ia ahopeka hitz egin zidan, egundoko sekretua kontatzen ari balitz bezala. Hala ere, marmarrak ez zion indarrik kentzen bere diskurtso egituratu eta boteretsuari. «Arkitektoen etorkizuna espezializaziotik pasa behar da, ingeniaritzan gertatzen den bezala». Esaldi labur horrek, eztabaida ezin luzeagoa ezkutatzen du.

Koka gaitezen. Ez dakizuenontzat, arkitektoen ekimenak, betebeharrak eta eginkizunak koordinatzen dituen erakunde bat dago; izen ofiziala Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala da, baina gaztelerako «kolegixua» bezala ezagutzen da askotan. Euskal Autonomia Erkidego eta Nafarroako profesionalak bere baitan hartzen ditu 1929tik elkargoak eta arkitektoen elkarlanerako balio beharko luke; elkarlan hori, gainera, gizartearen aldekoa izan beharko litzateke.

Elkargo Ofiziala behin aurkeztuta, gure eguneko harira bueltatu behar. Apiril amaieran, Bilboko ordezkaritzan Jasangarritasun Batzordea aurkeztu zen. Bertan, Borja Izaola ari da lanean, jasangarritasuna eta bioklimatika gaiekin aspalditik lanean dabilen arkitektoa. «Ingeniaritza ezberdinak dauden bezala, arkitektura ezberdinak ere bilatzea posible da. Gaur egun gizarteak ingeniaritza-diseinuak ulertzen ditu, modu argian azaltzen zaizkio. Ez da ordea horrela gertatzen arkitektura diseinu batekin. Profesional moduan, gure balioa estetikaren lasterbideetatik galdu dugu». Borja Alemanian bizi izan zen, eta bertako teknifikazioa ezinbestekoa ikusten du eraikuntza prozesuaren optimizazioan. «Gaur egun, proiektu baten aurrekontuak diru kopuru jakin bat gaindituz gero, Segurtasun eta Osasun txosten bat behar duen bezala, zergatik ez planteatu Igorpen Energetikoen txosten bat? Edota nolabaiteko koefiziente ekologiko baten kalkulua derrigortzea?».

Horrela ba, Bilboko Indautxu auzoaren erdian, Izaolaren hitzek etorkizun profesional ezberdin bat irudikatu zuten; unibertso berri horretan suteen kontrako sistemak bakarrik diseinatzen dituzten arkitektoak ikusten ditut, edo egitura arkitektoak, eraikuntza arkitektoak, soinu isolamendu arkitektoak… Nolabait zaldun bakartiaren ideiatik oso urrutik dagoen zerbait.

Borjak, oraindik ere gaiari tonu serioa eransten zion tonu isilean, EHAEOko web orrian oraindik topa ezin daitezkeen zenbait dokumentu erakutsi zizkidan. Halako batean, Jasangarritasun Batzordeak martxoa eta apirila bitartean antolatutako arkitektura jasangarriaren inguruan eginiko erakusketako txosten bat eman zidan. Bertan, box ezberdinetan eginiko galdera batzuek nire arreta berenganatu zuten: «Zein da Lurraren bioedukiera? Zein da kontsumo produktu baten bioedukiera? Eta gure kontsumo ohituren bioedukiera kostua? Zein da zure hiriaren aztarna ekologikoa? Eta gure planetarena?». Zeuek epaitu.

Nire arazoek lexikoarekin dute zerikusia. «Bioedukiera» kontzeptu karmikoa da; gune jakin batetan, landa lur bat adibidez, berezko kontsumorako ekoitz daitezkeen produktu kopurua da. Aztarna ekologikoa negatiboa izanez gero, landa lur hori ekoizten ari den baino lur gutxiagorekin moldatzen dela esan nahiko du eta, beraz, jasangarria dela. Nekazari eran esateko: patata bat hazteko patata erdiarekin nahiko dugu; % 50 positiboa, alajaina, 0,5etik 1 ateratzen baitugu. Baina 5 gramoko urrezko eraztun batek 200.000 gramo material (2 tona) behar dituela esaten badugu, % 0,0025 negatiboa ateratzen zaigu. Azaldutako kontzeptu hori, rucksack edo motxila ekologikoa bezala ezagutzen da. Niri, hitz hauek idazteko baliagarri zaidan ordenagailu eramangarria egiteko zenbat material ustiatu behar izan den pentsatzearekin bakarrik zorabioa sartzen zait!

Eraikuntzaren munduak beste edozein industria baino material gehiago mugitzen duen momentutik, arkitektoak erantzule gara. Krisiarekin hasi, krisiarekin amaitu. Garai berriak dira, besterik ez. Gure moldaketa gaitasun geldoak itzulbiderik gabeko egoera batera eraman gaitu. Erronka mahai gainean dago, eta gatazka esparru politikoan, teknologikoan eta ideologikoan emango da. Bakoitzaren baitatik hasita.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *