Nouvel eta determinismo profesionala

Lagun batek galdera bat bota zidan behin: «Arkitektoak zer dela eta ibiltzen zarete beti presaka?». Egi borobil baten aurrean gertatzen zaigun bezala, barre algara barne-barnetik atera zitzaidan. Galdera, berriz, airean eta zigarro kearen artean galdu zen.

nouvelEguneroko tira-birek ordea, galdera agerira ekarri didate, halabeharrez. Diseinu prozesuarekin zerikusirik izango al du? Ala bezeroarekin eraikitzen den komunikazio akatsen bat ote?

Ezagutzeke geldituko den zerbait bada ere, ene susmoak ditut. Susmo horiek arkitekturaren irakaskuntza eta praktikarekin azaltzen dira, baita bi prozesu kognitiboek dakarten ondorioekin ere. Arkitekturaren deformazio edota bizio horiek bere espresiorik gorena lehiaketen kasuan hartzen dute. Horrela ba, arkitektura lehiaketei buruz hitz egingo dugu gaur, eta munduko lehiaketarik handienetik hasita gainera. Pritzker saria, berez, ez da lehiaketa bat, Nobel sariaren pareko onarpen profesionala baizik. Arkitektura munduan, beste ezerk ez du horrenbesteko ospea eta balioa. Aurten Jean Nouvel frantsesari eman diote, fama mundialeko arkitektoa.

Berria jakin nuenean, zera pentsatu nuen: «Hara! Honek ez al zeukan jada bat?». Nouvel arkitektura munduko star systemean oso ezaguna izanik, notiziak ez ninduen harritu; are gehiago, saria lehenago irabazi ez izanak harritu ninduen. Nouvelen eraikinak eredutzat eta adibidetzat hartzen dira eskoletan aspalditik, batez ere bere Mundu Arabiarrerako Institutuak ospea lortu zuenetik.

Lehiaketaren kontzeptua berez, malgua da. Batzutan ez dira bilatzen, ez duzu inon izen-emate ofizialik egin behar. Zerutik erortzen dira. Nouvelek arkitektura eskoletan hainbesterako oihartzuna lortu bazuen, neurri handi batetan behintzat arkitektura aldizkarien erruz izan zen. «El Croquis» aldizkari ospetsuak monografia bat egiteko zure obra aukeratzea lehiaketaren parte bat ez bada ere, argi dago prozesuan irabaziak jasoko dituzula. «El Croquis» aldizkarian gain, badira beste batzuk ere: «Arquitectura Viva», «Pasajes», «Domus», «Detail»…

Hori gehiago irudikatzeko, imajina dezagun gure Europa maite honetako edozein udaletan gerta daitekeen eszena bat: alkatea eta hirigintza zinegotzia bilduta ditugu, eta mahaia estaliz, izugarri handia den plano bat. Planoan, zaharra eta zaharkituta gelditu den plaza edo parke bat ikus daiteke. «Hau ezin dugu hala edo hala aldatu», esango du gure alkate maiteak. «Hauteskundeak aurki izango ditugu, eta auzoko jendea gainera etorriko zaigu», gehituko du. Kezka ikus daiteke bere aurpegian, herri xumearen bermea ez duen politikariaren aurpegia hain zuzen ere. «Beno», esango du udal arkitektoak, «eta arkitekto famatu horietako bat deitzen badugu?».

Kasua uste baino maizago ematen da. Horrela ba, arkitektura munduaren top topean betiko hamaika izenak ditugu. Maila handiko lehiaketetan ere horrela gertatu ohi da. Udalek herriko bazterrak zahahaditetatu nahi dizkigute, gure museoak moneozatu eta gure espazio publikoak gehryfikatu. Zenbait azpiegituren adjudikazioan ere, lehiaketen bandoek zenbait enpresen neurrira eginak dirudite; gutxi batzuek daukate zirkulu horietan sartzeko aukera.

Izaskun Chinchillak, «determinismo profesionala» deitu zuen. Lana debalde egitea, alajaina. Izan ere, galdutako lehiaketa batek ordain bakarra du galtzaile gertatzen den estudioarentzako: galdutako orduak. «Pasajes» aldizkariaren zuzentzaile den Jose Ballesterosek azkeneko Europan lehiaketaren ordu galduen zenbaketa egin zuen. Bere kalkuluen arabera, Europan 8an 630.720 lan ordu sartu ziren. Biderkatu hori arkitekto hasiberriek irabazten dutenarekin (orduko 8 euro), eta egin itzazue kontuak.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *