PsikoAraba

Nolakoa da zure herria? Zure hiria? Bizi zaren tokia? Koloredun mapa batekin azalduko al zenidake, zure etxea dagoen kalean «x» bat jarriz? Txikitako kontakizunekin hasiko al zinateke? Zure herriko tabernak parranda egiteko zein apartak diren esango al zenidake? Pote batetan gordeta duzun harea usaintzen utziko al zenidake? Galdera horietariko zeintzuk dira erabakigarriak lurraren egitura eraikitzeko, azaltzeko, plangintza bat egiteko?

psikoarabaZapaltzen dugun lurra hobeto ulertzeko ahalegin bat egingo dugu gaur. Arrazionalismoaren garaietan, hiria ordenatu, zatikatu, klasifikatu egin zen. Atenaseko Eskutitzean erromatarren kardo eta dekumanotik ikusi ez bezalako antolaketa kartesiarra inposatu zen; 1931n mundu osoko arkitekto eta hirigileak Atenas helmugatzat zuen itsasontzi batetan bildu, eta Bigarren Mundu Gerraren osteko hirigintza definituko zuen ituna idatzi zuten. Besteak beste, beste edozein erabileraren gainetik erresidentziaren garrantzia goraipatu zuten, dentsitate altua defenditu, garraiobide nagusiak eta etxebizitzak banatzeko asmoa erakutsi… Nolabait, gaurkotasuna galdu ez duten alderdiak.

Baina hirien analisia perfektua izateko zerbaiten falta antzematen da: giza faktorea. Arkitektura eta hirigintzaren teknikariek nekez ulertzen dituzte hiri barnean mugitzen diren gizarte prozesuak. Berez, eta beraien teknikari naturari kasu eginez, ez lukete zertan ulertu behar; politikarien esku laga beharko lukete betebehar hori. Baina askotan politikariak interes askoren menpe daude eta hiritarren nahiak ez dira kontutan hartzen. Hori zenbait kasutan agintarien ezezko biribilagatik gertatzen da; beste batzuetan, ordea, udalaren eta auzoen arteko komunikazioa eten egin delako.

Alde batetik arkitektura planoen geometria kartesiarra, itxia eta zorrotza. Bestetik, hirian gauzatzen diren giza prozesu misteriotsu eta neurtu ezinak. Teknika ezberdin baten beharra azaltzen da, gizakia ekuazioan sartuko duen metodologia.

Adibidez, gure gaurko gonbidatu berezia: psikogeografia. Guy Debord bezalako filosofoek garatutako teoria horretan, gure ingurua eta inguru geografikoek sortutako efektuak azaltzeko saiakera egiten da. Hiztegi filosofikoaren artetik gauzak ulertzeko, adibide bat; psikogeografoek deriba ariketak ebazten dituzte. Egizue froga: hartu arkatza eta zuen herriko mapa bat, eta marraztu egunean egindako ibilbidea. Hurrengo egunean, berdin egizue, eta horrela aspertu arte. Ondorioak zuek zeuok atera, baina baietz harritu.

Deriba ariketetan, parte-hartzaileak ordu edo egun luzez noraezean izango dira, hiri ezezagun batetan galduta, sentsazio, usai edota intuizio hutsaren lemapean. Nahiz eta teknikak gordinki ikusita balio gabekoa eman, aplikazioak egon badaude. Puntu horretan, ikusmen mugatuzko arkitekto kartesiarrek kale egiten duten tokian, soziologoen irudia agertzen da. Nire uste apalez, soziologia, fundamentuzko hirigintza ikasketa guztien barnean kokatu beharreko irakasgaia da. Hirigileak kaleak, hiri atondurak eta abarretan galtzen dira, hori guztia martxan jarriko duen erregaia ahantziz; hiritarrekin elkar lanean aritzeko soziologoen irudia aparta da, politikari eta arkitektoen arteko zubi bezala. Zeren, politikariek, teorian hiritarrak poztu nahi badituzte ere, ez dituzte hiritarrak egokiro galdetzeko tresnak eraiki. Ondorioz, normalean politikariak poztu nahi dituzten arkitektoek, informazio okerra jasotzen dute abiapuntu.

Kasu txiki bat azalduko dut. Garai batetan lankide izan nituen Igone Revilla eta Elena Usobiaga soziologoak deitu nituen Arabako Bernedo herrian garatutako dinamiketaz hitz egiteko. Bernedo ia 200 biztanleko herri txikia da, baina bereizgarritasun bat du: garai bateko harresiak. Arabarri elkarteak agindutako txostenean, bi soziologoek biztanleria eta harresien arteko harremanak zerrendatu nahi zituzten, gerora egin beharreko Plan Zuzendaria herritarren nahietara ahalik eta gehien atxiki zedin.

Herritarren nahiak zeintzuk ziren jakiteko, partaidetza oinarrizkoa zen, ezinbestekoa. Arazoa honakoa zen: zuzenean galdetzekotan, erantzunak baldintzatuta izango ziren. Zer da zure herriko gauzarik politena? Ba, ziur aski, praka motzetan doan turista ingeles batek egiten badizu galdera, punturik turistikoenera bidaliko duzu; aldiz, galdera koadrilako lagun batek egiten badizu, beste zer edo zer erantzungo duzu. Horrela ba, hausnarketa ariketetan bernedarrek beraien erantzun propioak aska zitzaten bilatzen zen, ikuspegi subjektibo bat izateko. Subjektibotasun hori, hirigintza klasikotik urrun dago, baina giza ekimenetan ezinbestekoa da.

Bernedon erabilitako metodologiak ugariak izan ziren; haurrekin egindako tailerrak, mapa kognitiboen ariketa bat, gazteentzako cateringa, herritarren bisita gidatuak… Azken horretan, adibidez, sexuka banatu zituzten herritarrak eta, soziologoen esanetan, gizonen eta emakumeen arteko bisitak izugarri ezberdinak izan ziren. Hor bete beharreko beste ikuspegi bat nabari da, generoarena alajaina. Egun bogan badago ere, beste asko ere hartu beharko genituzke kontutan eta, hori, 1/5000 eskalan adieraztea ezinezkoa da.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *