Pasaiako katedrala

Azkenik, aitzakia bat Pasaiako portuari buruz idazteko; Udako Euskal Unibertsitateak, hurrengo apirilean, Pasaiako Hirigintza Mintegia prestatu du, badiaren etorkizuna unibertsitateak eman dezakeen ikuspegi anitzetik aztertzerko asmoz. Aitzakia bada ere, artikuluaren muina izango da, eta hitz bitan laburbildu daiteke: herritarren parte-hartzea.

pasaiaNoski, zaila da oso informazio superjarioaren garai honetan ezer ulertzea. Aldez aurretik esango dizuet argi ta garbi: neronek ere ez dut piperrik ulertzen. Herritar bezala, informazio emari izugarrien artean galtzen naiz, inurrien modura.

Gure sistema honetan, normala da; gure ahalmenetatik harago gelditzen diren gaiak -kariei ematen diegu: politikariei, teknikariei, hizlariei, kazetariei. Haiek informazioa mastekatzen digute, eta ahora eramaten. Beraz, konfiantza asunto bat bihurtzen da. Jose Fariñas arkitektoak elkarrizketa batean esaten zuenaren arabera, politikariak ez dira ari, garai batean bezala, gizarteaz tiro egiten, baizik eta alderantzizko prozesu batera heldu gara. Mugimendu sozialak, edota iritzi publikoaren guruak (hau da, telebistan agertzen direnak) dira gizartearen erreakzioen erantzule. Politikariek, batzutan «globo sondak» jaurtitzen ematen dituzte egunak, iritzi publikoak zer esango zain.

Horregatik, gai konplexuek azterketa sakona eta irekia behar dute. Azpiegiturak eta plangintzak dira, beste ezer ez bezala, gure bizitzeko modua alda dezaketen bi tresna, onerako edo txarrerako. Askotan, prozesua oso aurreratua dagoenean bakarrik konturatzen gara jokaldia zertaz doan, eta horrek, pittinka, gure herritar-nortasuna higatzen eta ahultzen du. Gogoeta astun hauen ostean, ulertuko duzue akaso mintegi honekin topo egiterakoan izan dudan poza. Antolatzaile batekin egon nintzen berbetan; Kepa Iturralde arkitektoarekin, hain zuzen. Kepa eskola garaian hasi zen bidaiak, mintegiak eta tailerrak antolatzen, eta grina hori eskolatik kanpo mantendu du. «Pasaiari buruzko gabezia bat zegoen», esan dit Aste Santuko oporretako aurpegia oraindik kendu ezinik. «Mintegia foro iraunkor bihurtzea nahiko genuke, galdera egokiak planteatzeko eta agian norabide berriak jorratzeko.» Apuntatzeko epea hilaren 31n bukatzen bada ere, denontzako tokia egongo dela ziurtatu dit. Kepak ere ikusten du gaiaren konplexutasuna; Pasaiak amona zahar baten oinordekotza ematen du. Badian lau udal ezberdin, eskualde bat, probintzia, ekonomi erkidegoa, portu agintaritza eta hurrun kokatzen diren fabriken interesak bateratzen dira. Kepa, ni bezala, zalantzaz josita dago. Baina gogoratu, zalantza, krisia, gauza ona da.

Arkitektoak, mintegian hizlari moduan egon behar den ingeniari batengana bideratzen nau; Kimetz Etxebarria Durangoko goiz lainotsu batean topatu dut. Bide, Ubide eta Kanaletako ingeniaria bada ere, maiz abokatuen lana egitea tokatzen zaiola aitortzen du. Harrigarria bada ere, Kimetzek bere burua gaian ez-aditu bezala aurkeztu dit. Bi orduz botatzen dizkidan datuak eta zenbakiak kontuan harturik, apaltasunez jokatzen ari zela ikusten dut.

Gauza sinpleak eta aldi berean izugarriak jakinarazi dizkit: «Etorkizuna bermatzeko, garapen ekonomikoa eta azpiegituren garapena guztiz banandu behar dira». Azken hau bere hitzetatik ateratzen bada ere, Europako Garraioaren Liburu Zuritik eratorria da; hau da, ikuspegi guztiz ekonomizista batetik. Esaldia bizpairu bider irakurri behar dut, erabat ulertzeko. Motela naiz, barkatu, baina garapen ekonomikoa errepide gabe? Gure irudimen kolektiborako, gauza latza da: XIX. mendetik trena aberastasunaren sinonimoa izan da, eta frankismo garaiak urtegien inaugurazioak jarri zituen garapenaren erakusle. Baina gaur egun «garapena»ren eta «aberastasuna»ren arteko ezberdintasuna lortzea ezinbestekoa dugu. «Garapenaren kontzeptua aldatu beharra dago -jarraitu du Kimetzek, bere hitzak lagunduko dituzten dokumentuz jositako mahai baten atzean-; adibidez, tamaina gutxiko portuetan, espezializazioa eta arintasuna sustatu beharko lirateke, logistika arindu.»

Batzuek Euskal Herrian azkeneko boladan agertuz joan diren azpiegituren kasua katedral bat eraikitzeko lanekin konparatzen dute. Katedralak mendeetan eraikitzen ziren, eta mota guztietako langileak erakartzen zituen hirira: zurginak, harginak, igeltseroak… Haiekin, familia osoa, eta ondorioz beharrezkoak ziren zerbitzuen hornitzaileak ere bai: dendariak, medikuak, etab. Baina katedrala bukatutakoan, langile horien zerbitzuak ez ziren beharrezkoak, eta hurrengo katedrala egingo zen hirira mugituko ziren, halabeharrez, hiria sostengu ekonomikorik gabe lagata. Europako gobernuek garapen mota ezberdina jorratzeko erabakia hartu zuten aspaldi, eta ez zen erabaki ekologikoa izan, ekonomikoa baizik. Garapen hori ezin da azpiegiturak handiagotuta lortu, azpiegitura horien eraginkortasunaren hobetuta baizik.

Egun adreiluaren ekonomia bukatutzat ematen da, eta badirudi katedral berriak autopistetan edota abiadura handiko trenetan bilatzen ditugula. Erromesak, baina, non egongo dira, santuen herrak itsasoko sakonera botatzen baditugu?

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *