115 metroko bilbainada

Motela naiz, zenbait gauzetarako. Interesa galtzen dudanean, akabo, buruak beste nonbaitera hegan alde egiten dit. Nire bekaturik larriena futbolarekin izan dut. Kirol horren izena aipatu orduko, beste zerbaitetan pentsatzen hasten naiz. Hori ez dut, inola ere, harro esaten; bizi garen mundu honetan, zenbait esparrutan ezjakina izateak ostrazismora eraman zaitzake, halabeharrez.

115 metroHorrela ba, bere garaian ez nien San Mameseko arkuari buruzko hika-mikei kasu larregirik egin. Nonbait nire burmuinak San Mames aditu eta futbolari buruz ari zirela pentsatzen zuen. Ondorioa, oroitzapenik ez. Horrela geldituko zen, iragan astean Bilboko lagunekin egon ez banintz. Aspaldi ikusi gabe nituen horiek, dogma baten uste osoarekin jardun zitzaizkidan arkuaren berrerabilpenaren proiektuaz. Eta ni, noski, aho zabalik.

Oraindik proiektua ez den proiektua -Azkuna agurgarriak eta enpresari batek aurkeztutako asmoa baizik ez da-, hurrengoa da hitz gutxitan: 1) San Mames eraitsi baino lehen arkua osorik desmuntatu. 2) Zorrozaurren jarri, zubi moduan. Di-da. 115 metroko bilbainada.

Bere garaian, San Mameseko arkua injinerutza eta arkitekturaren lorpen ikaragarria izan zen. Estadio batetan mota horretako arku bat erabiltzen zen lehenbiziko aldia zen eta, urte askoz, Bizkaiko Zubiarekin batera, mundu osoko eraikuntza argitalpenetan agertu izan da. Zergatia? Arkitektura eta injinerutza adibide ona da, arrazoi bat baino gehiago dela-eta.

Firmitas eta venustas. Sendotasuna eta edertasuna. Estadioa zabaldu eta 40 urte geroago, hasierako 3.500 ikusleko edukiera beste behin handitzeko bildu ziren Dominguez Salazar, Magdalena Gayan eta Gonzalez arkitektoak eta Fernandez Casado injinerua. Helburua San Mames 40.000 ikusleko edukiera zuen futbol zelaia bilakatzea zen. Klubak enkargatutako hedapenak erdiko tribuna izan zuen ikur nagusitzat. «Spanish new deal» leloa nagusi zen garai horietan, funtzionalitateaz aparte, ikur arkitektonikoak behar ziren. Horrela jaio zen arkua.

Lehen aipatu dudan futbolarekiko blokeo mentalak, San Mamesen izaera arkitektonikoa ez ikustera eraman nau urteetan zehar. Zure arreba emakume bezala ikusten ez duzun bezala, estadioa guztiz alboratuta neukan. Baina ikonoen boterea oso handia da, eta arku-estadio erlazioa bilbotarren inkontzientean irmoki errotuta dago.

Arkuaren defentsan atera diren ahotsek «ondarea», «oroimena» eta beste hainbat hitz on eta bidezko erabili dituzte. Beraiekin bat egiten dut, erabat. Baina gaiaren ironiaz kontura zaiteztela nahiko nuke; azken hamarkada osoan, injinerutza eta arkitekturatik datorkigun ondarea suntsitzen ibili gara, eta futbola azaldu behar izan da tabernetan gaiari buruz hitz egin dadin.

Urteetan zehar Santa Ana de Bolueta, Burtzeñako estazio termikoa, Sefanitro fabrika, eta beste hainbeste adibide lotsa apurrik gabe suntsitu ditugu. Horiek ere ondare garrantzitsua ziren, horiek ere gure iraganeko -eta ondorioz gure orainaldiko- testigantza jasotzen zuten. Berrabilpenaren «moda», antza denez, berandu iritsi zen adibide horientzat, ez horrela San Mameseko arkuarentzat.

Paradigma aldaketa bat da: industria astunaren garaietan, Bilboko ogia industria zen. Horren poderioz, Ibaizabal ibaiaren ibarretan ugaritzen ziren fabrikei landa lauak eskaintzen zizkieten gobernariek, bertan lan egiten zutenak mendietako magal maldatsuetara eramanez. Industriaren porrotarekin batera, etxebizitzek hartu dituzte urte askoz fabrikek okupatu zituzten lautadak. Prozesuan, fabrika horien balioa ez da inondik neurtu, eta gupida gabe eraitsi dira, paradigma horren poderioz.

San Mameseko arkuak, behintzat, salbatu ez bada ere, izan du bere onarpena eta errekonozimendua. Ez da gutxi. Burura etortzen zait Bilboko Hernani kalean bota behar duten Paragüería eraikina. Mezu elektronikoen kate baten bidez, arkitekto talde batek eraikina babestearen aldeko deialdia luzatu zuen.

Zeinek daki, agian arriskuan dugun ondarearen konponbidea Athleticeko jokalariz betetzea izango da. Orduan ikusiko genuke zerk daukan pisu gehiago, ondare arkitektonikoak edo futbolak. Apustu egin nahi?

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *