Ikealizatu edo idealizatu?

Garaiak aldatu dira. «Pasajes de arquitectura» aldizkarian, orain dela zenbait hilabete, gazte europarraren erradiografia azkarra egin zuten; lagunak skypeatzen dituen gaztea ikus zitekeen, erosketak Lidlizatzen dituena, Adn baino beste prentsarik irakurtzen ez duena, easyjeatuz kontinente osoko myspaceak bisitatzen dituena. Artikuluan, nola ez, gazteentzako -eta ez hain gazteentzako- nahitaezkoa bihurtu den Ikearen soinu banda originala agertzen zen.

IdealizatuArtikuluak gure belaunaldiaren berdintze prozesua nabarmendu nahi zuen. Zenbait xelebrekeriengatik ez balitz (ah! zuk frantsesez egiten duzu, eta, hara!, beste horrek grekoz), europar belaunaldi batetaz hitz egitea posible da. Agian Erasmus programaren hamargarren urteurrena dela eta, batek daki. Kontuak kontu, europar gazteek beren bizitza ikealizatu dute.

Hala ere, hurrengoa argi dago: gauzak aldatu dira, baina ez erabat. Familiak aldatu dira, baita egitura sozialak ere. Gizartea, orokorrean hartuta, aldatu egin da. Gauza batek, baina, trinko dirau, harkaitz baten patxadaz; etxebizitzak. Eraikitze prozesuan, bezeroak oso gutxitan du zeresanik eta inposatzen zaizkion irtenbideak onartu behar izaten ditu. Horrenbestez, gizon + emakume + 2 seme alaba + txakurra + goizeroko Corn Flakes paketeentzako etxeak onartzera bideratzen gaituzte. Ikea idealizatzen dugu.

Ildo hori jarraitzeko prest ez dagoen kolektibo bat topatu dugu Madrilgo Lavapies auzoan. Kolektiboak bere «ideia» ikealizatu nahi izan du. Beti bezala, esteka bat luzatu behar dizuet zuek zeuok epai dezazuen: www.contralaespeculacioninmobiliaria.tk. Berriz ere, artea, politika eta umorearen mugetan mugitzen den kolektibo batekin egin dugu topo. Beraien «Idea» katalogoa deskargatuz gero, larruz jositako bondage-moduko pertsonaiak topatuko dituzue Ikeako katalogo arrunt bat litzatekeena okupatuz. Ikearen estiloa bahitu dute, fagozitatu, beraien mezua lau haizetara zabaltzeko: bizitzeko beste modu bat posible da.

Eta hara non topatu dudan lagunekin mila bider hitz egindako gaia! Hau da, guk geuk lur-sail bat erostea, promotore bihurtzea eta eraikuntza sistema osoa haizea hartzera bidaltzea. Goiko esteka horretan, Lavapieseko kolektiboak hori eskaintzen digu: hilero 155 euro ordainduta gure etxearen jabe izatea.

Ez, ez da Marina d’Or resortaren bertsio kontrakulturala. Adibide gisa jarri dute 155 euroko kopurua, Madrileko zentroan 42 metro koadroko etxea eraikitzeak balioko lukeena aintzat hartuta. Laburbilduz, eta oso modu azkarrean esateko, hauxe proposatzen dute: lagun arteko kooperatiba edo enpresa promotorea osotu eta Gobernuaren diru-laguntzak eskuratzea (Etxebizitzarako 2005-2008 Estatu Plana aipatzen dute, lotura egokiro erantsiz). Diru-laguntza horrekin, etxea eraiki, akaso Gobernuak berak lagapen gisa utzitako terreno batean, eta listo! Noski, gauzak ez dira inoiz hain errazak, baina guzti honek zerbait nabarmentzen du: historian inoiz ez bezala, bizi garen egituraren eraketa prozesutik kanpo gelditu gara. Promotoreak, eraikitzaileak, arkitektoak, politikariak, denak geratu gara kanpoan, benetan inporta dutenak ezik. Guzti-guztiak orain dela ehun urte asmatutako parametroekin ari gara bizitzen.

Shigeru Ban arkitektoaren Naked House proiektua ezagutzen duzue? Etxe biluzia. Xelebrea bezain geniala den japoniarrak tabike gabeko etxea eraiki zuen. Atondura guztiak (ura, aire egokitua, etab), kanpo hormetatik doaz; barruan, berriz, «kubo» gisako batzuk gelen papera jokatzen dute. Gela horiek mugikorrak dira, eta murruan sartutako atonduratara konekta daitezke, etxearen disposaketa eta antolamenduaren konbinatoria infinitura eramanez. Hau da, gure etxe arruntetatik erabat ezberdina den eskema. Gizarte ezberdina, arkitektura ezberdina, ezta? Hori ala bada, argi dago: azken ehun urteotan ez gara asko aldatu.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *