Delirious Koolhas

1978. urtea, New York hiria. Sagar handia. Rem Koolhaas, arkitekto holandar ezezagun batek postmodernitatearen izaera aldatuko zuen saiakera bat argitaratzen du. Testu horren efektua, hurrengo urteetan gutxinaka dastatuko beharreko ardo bat izango da.

Delirious Koolhas

«Delirious New York»en oihartzuna 30 urte geroago aditu dugu. Urteurrena dela-eta, hitz horien efektuaz galde dezakegu; Koolhaas beso luzeko arkitektoa dugu, eta ez bakarrik star-system-a betetzen duten eskultore eta forma kuriosoen egileen antzera. Ez, holandarra Eisenman edo Venturiren tankerako idazle azkarra eta argia dugu. Eta, gainera, arkitekto izan baino lehen kazetaria izan zen. Nahasketa arriskutsu bezain eraginkorra; ideia argiak eta horiek azaltzeko gaitasuna.

Horrela, Koolhaas, aldizka, frankotiratzailearen tresnak hartu eta krisiaren bila hasten da. Krisia ez da txarra, errepikatu behar da. Krisiak gauzak eguneratzeko balio digu, dogmetatik aldendu eta garai berrietara egokitzeko. Kartesiar erara jokatzen du Koolhaasek, hots, lanean hasi baino lehen mahaia zaborrez garbitzen du. Adibide bat; Kordoba hiriko Kongresu Jauregirako proiektuaren lehiaketa. Moneo, Ortiz, Toyo Ito edo Zaha Hadid-en artean, Koolhaasen proiektua izan zen garaile. Zergatik? Koolhaasek udaletxeak proposatutako orubea krisian jarri, eta proiektu arkitektonikoaren oinarri bat aldatu zuen; leku batetik bestera eraman, Kordobako mezkitaren ikuspegi bat bilatzeko, bere esanetan, «hiria eta jauregia hurbildu ahal izateko».

Holandarrak bere atzean talde oparoa dauka; frankotiratzaileen gotorleku den OMA (Office for Metropolitan Architecture) estudioak munduko hainbat lekutan egiten du lan; ari garen eskalaz jabetu ahal izateko, kontuan izan Koolhaasek zuzendutako enpresa honetan lan egiteko egun txinera menperatzea ezinbestekoa duzula. Beste tiro bat: bere bigarren obra entzutetsuenean («S,M,L,XL» izen postmodernopean argitaratua), gerora arkitektoen hain gustuko izango den aldizkari-liburu formatu gorrotagarria aurkeztuko digu. Best seller honen ostean beste hainbeste izango ditugu. Gaur egun, Koolhaasi buruzko argitalpenen zerrenda bere proiektu kopurua bezain luzea izan daiteke.

Delirious New York-en jatorrizko azalak, barruan topatuko dugunaren filosofia laburbiltzen du. Madelon Vriesendorp-en obra bat dugu, OMA estudioaren sortzaileetariko bat, eta Koolhaas beraren emaztea. Bertan, Rockefeller Center senar adardunak, amodioa egin berri duten Empire State eta Chrysler Building amoranteak harrapatzen ditu (froga kondoi modura erabili duten airerik gabeko Good Year zepelina da). Gelaren alfonbrak Manhattanen erretikula ikus dezakegu, eta leihotik harago, Manhattan irla estua. Etxe orratz bakoitzaren puntan, gizon-emakumeen buru erraldoiak agertzen dira, eraikinen gizabanakotasuna aldarrikatuko balute bezala. Horman eskegita, Coney Island irlaren kuadroa. Vriesedorp-en obraren izena, «Flagrant délit».

Liburuaren iruzkinik onena, dudarik gabe, berau irakurtzeko gonbita litzateke. Koolhaasek pop-hizkuntza menperatzen du, ez da korapilo teoriko eta lausoetan galtzen. Harira doa, hizkera zuzen eta ulergarri baten bidez. Tragikomedia onetan bezala, pasarte komikoak eta dramatikoak tartekatzen ditu, eta hitzen argitasunak ez du, inola ere ez, atzetik dauden ideien sinpletasuna adierazten.

Lehen argitalpenetik urrun gaudela, testuak oraindik ere bere egunerokotasunari eusten dio. Horren lekuko, Koolhaasek Harvard Design School-ekin batera egindako «Project on the City» liburu sailaren lehendabiziko alea. Bertan, Txina du aztergai. New Yorken nabarmendu zigun «kongestioaren kultura», Txinan «City of exacerbated difference» kontzeptu bihurtzen da. Bai «kongestioa» eta bai «Ezberditasun Handien Hiriak» urbanismoaren ikuspegi biologistaren oinordekoak dira.

Beste hitz batzuetan, hiria, gizartea eta arkitektura bera izaki bizidunak eta elkarren menpekoak dira. 70.eko hamarkadako japoniar metabolisten kutsua antzeman daiteke, New York hiria azaltzeko erabilitako moduan.

Txinan, izaki bizidun hori hazten ari da, eta arkitekto txinatarrak dira horren erantzule. Koolhaasen esanetan, «munduko arkitektorik garrantzitsuenak, eta eragin handienekoak» txinatarrak dira.

Adibidetzat, Koolhaasek emandako zifrak; Txinan, biztanleen %0,01 arkitektoa da. Bertan arkitekto bakarrak 1.200 milioi metro karratu inguru eraikiko ditu. Espainiar estatuan, biztanleriaren %0,05 inguruk arkitektura ikasi du, baina arkitekto bakoitzak 50 milioi metro karratu inguru besterik ez ditu eraikiko. Aldea itzela da.

Manhattan irla AEBetako ideologiaren erakusgarri da. Sprawl fenomenoaren erakusgarri, «zabalkuntza» horrek «kongestioari» utzi zion lekua mende artean. 2.028 etxe irlek osatzen dute Manhattan, eta gizabanakotasun basatiaren paradigma bihurtu dira; etxe irla bakarrak, ingurukoarekin berba egiten ez dutenak, ia espazio publiko gabeko egitura batean. Krisi urbano bat. Krisi urbano horretan, 30 urte bete dituen saiakera paregabea sortu zen. Urte askotarako.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *