Hiria= (1) geo + (2) bio + (3) noos

Ezagun batek, oharkabean, garagardo artean geundela, egi borobila bota zidan: Bilbori buruz lar hitz egiten nuela, alegia. Kezkaturik, nire buruarekin bakarrizketa bat izan nuen: «Bilbo da Euskal Herriko metropoli bakarra eta nahitaez hartu behar da hizpide -nik niri, garagardoaren bitsak bibotean ez itsasteko ahaleginetan-».noosfera_zuzenduta

-Hara bestea! Zuk zer ulertzen duzu `hiria’ hitzarekin, ba? -erantzun nion neure buruari; ni neu ez banintz, ergel hutsa dela esango nioke-. Hiriak bere mugetatik harago zabaltzen dira, harresiak aspaldi eraitsi ziren!

-Orduan, agian, Euskal Herriko hiririk handiena… Euskal Herria bera da?».

Hiria eta herria. Esanahi fisikoa eta ideologikoa ezberdinak badira ere, elkarren arteko dependentzia dute. Zein da hiri edo herri bat definitzeko modua? Zein elementuk hartzen dute parte definizio prozesuan?

Banaketa hori nabarmentzea ez da dirudien bezain erreza. Pentsa, gaur egungo Turkian kokatutako Çatal Hüÿuk hiriak 10.000 biztanle zituen Kristo aurreko 5500. urtean. Kopuru txikia iruditzen zaizue? Ba, garai hartako munduko biztanleria 5 eta 10 miloi lagunen artean zegoela kontuan harturik, ez da gutxi. Gaur egungo biztanleriarekin alderatuz, Nigeriako Lagos hiriarekin pareka dezakegu. 10.000 lagun 9 milioiren kontra.

Noski, Çatal Hüÿuk iraultza neolitikoaren ondorioa izan zen. 2007. urtean, berriz, beste mugarri historiko baten lekuko izan ginen: gizateriaren historian lehen aldiz, munduko populazioaren erdia baino gehiago hirietan bizitzera igaro zen.

Definizioz, hiria dentso eta jendetsua den bitartean, herria txikia eta lasaia da. Gure inkontziente kolektiboa alboratuz, beste ezaugarri batzuk ere aipatuko nituzke: hiriarentzat, isotropoa eta anitza, eta, herriarentzat, mugatua (mugekin) eta anisotropoa. Herrietan gertatzen ez den bezala, hiriak hainbat norabide jasotzeko prestatuta daude. Hiriak ulertzeko, hainbat azterketa plano hartu behar dira; zelofanak balira lez bata bestearen gainean pilatzen diren azterketa planoak. Pilaketa horren ondorioa hiria bera da.

Behin elefantearen metafora aipatu nuen; alajaina, hainbat zati ezberdin (tronpa, buztana, hankak) izan arren, funtsean animalia berbera dela dioen metafora. «Hiri zentroa» askotan aipatzen dugun arren, guztiz kontzeptu faltsua da. Heisenberg-en printzipioa hirigintza eta soziologiari aplikatu eta zentroa bilatzen saiatzen garen bakoitzean, zentro hori desagertu egiten da. Zentro asko daude eta, aldi berean, bat ere ez.

Ezjakintasun printzipio horrek, batzutan, muga fisikoetan du eragina, beste hirigintza maila bat sortuz. Kalea, auzoa, barrutia, hiria, eskualdea, eta azkenik, lurraldea. Lurralde antolakuntza saiakerak nahiko berriak dira (kontuan izan behar da oro har hartuta, noski, hirigintza berak ez duela teknika erregulatu bezala ibilbide luzerik). Baina, lurraldetik harago, zer ote dago? XIX. mendean jaiotako zientifiko batek, Vladimir Vernadsky zientifikoak hain zuzen ere, noosferari buruz hitz egin zuen.

Grekoz adimena esan nahi duen noos erroarekin osotutako hitz horrek biosfera eta geosferatik harago dagoena izendatzen du. Egun, noosferaren erakusle nabarmenena Interneten dugu. Askoren ustez, www zaharraren eta web 2.0 berriagoaren arteko aldaketa adimen kolektibo baten hastapena izan daiteke.

Noosferak, beraz, mugak alda ditzake, eta distantziak murriztu edo handitu. Eivissa uhartea, adibidez, Erresuma Batuko biztanleentzat oso gertu dago, niretzat dagoena baino askozaz gehiago. Sare sozialetako tresna informatiko berriek (facebook, twitter, myspace) gure harremanak are eta gehiago irauli dituzte eta gertutasun fisikoak ez du zertan ezagupena ziurtatu. Vicente Verdu idazleak hiriak eta bakartasuna eskutik datozela gogoratu zigun orain dela gutxi «El Pais» egunkarian argitaratutako artikulu batean.

Beraz, auzia, espazio fisikokoa baino, eskala eta erlazio arazoa da. Hiria (1) geosfera da. Hots, inguru fisiko bat du. (2) Biosfera da baita bertan bizi diren izakiek (1) aldatzen duten heinean. Baina hiria biologiarekin zerikusirik ez duen (3) noosferaren parte da. Azken hori (1) eta (2) aldatzeko gai da.

Euskal Hiria, Bernardo Atxagak planteatutako kontzeptu polit bezain lausoa, errealitate bat da. Hiriak baina ez ditu derrigorrez asfaltoz jositako auzo ilarak izan behar; errealitate geologiko, biologiko eta sozial ezberdinentzat irekia eta anitza izan behar du. Bilbao Ria 2000 elkartearen 15. urteurrena betetzen den urtean, Bilbo eta Bilbo Handiaren arteko muga desagertzear dago; Amsterdam, Rotterdam, Haga eta Utrecht hirien arteko mugak Ranstadt lurraldea osotzeko desagertu diren bezala. Parisen, Kopenhage Handian, London Great Councilen eta Europako beste hainbat lekutan pareko prozesuak bizi dira. Gero eta ugariagoak dira gainera horrelako prozesuak.

Herriaren eta hiriaren arteko muga ez dago ez geosferan ez biosferan, giza adimenak eraikitako muga eta murruetan baizik. XIX. mendean garai bateko defentsa harresiak eraitsi ziren bezala, guk ere berdin egin behar dugu.

Orain dela bi mende ez bezala, oraingoan ez da zabalkuntza fisiko bat egiteko izan behar, adimenaren eta elkarbizitzaren zabalkuntza bat bultzatzeko baizik.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *