Arkitektura bi puntu zero

Gaurkoan, ez dugu gai nagusirik izango, zatiak, pusketak baizik. Gaur ez dugu hausnarketa sakonik egingo. Aitzitik, gaurkoan uhinen formak ikusteko aintzira beltz eta distiratsu bati harriak botako dizkiogu. Hartu harri bat, edozein. Zzzzist….txof! Horra lehen uhina.

bipuntuzeroOrdenagailua piztu, eta Wi-Fi txartelaren bitartez, mundua estaltzen duen noosfera batekin konektatzen naiz. Nire posta elektronikoa begiratu ondoren, blogak irakurtzeko dudan aplikazioa irekitzen dut, egunotan jaurti ditudan hazien fruituak uztatzeko intentzioarekin.

Pentsamendu bera behin eta berriro errepikatzen dut, akaso obsesio puntu batera heldu naizelako. Informazioaren kudeaketak gure itxura aldatzen du; guk makina egiten dugu, makina gure bizitzaren parte bilakatzen da, makina gu bihurtzen da. Makina amatatzerik ba al dago ordea?

Arkitektura -gizartearen isla, besterik ez- oso gustura sentitu da beti makinaren ondoan. Ekoizpenaren erritmoak handitu eta eraginkortasuna biderkatu du makinak. Gaur eguneko arkitekturan distantzian egiten diren proiektuak ez dira ezer berria, eguneko ogia baizik. Autocad + Skype + Email formularekin gure inguruko proiektu anitz eraiki dira. Salto egin dezagun, haria harrapatzen ari baikara, nire asmoetatik ezin urrunago dagoen norbaitengana: Marshall McLuhan. Txof! Bigarren uhina. Kanadarra aurkezteak ez du merezi, aski ezaguna baita. Baina bere mezua, sinplea bezain bikaina iruditzen zait: «Hedabideak (media) ez dira informazio jarioen bide hutsalak. Ez gaituzte pentsamenduen oinarriekin bakarrik hornitzen, gure pentsaera ere moldatzen dute». Hau da, makina bihurtzen gaituzte.

Zzzzist… harria aintziran erori baino lehen, burutapen bat; bizileku ditugun etxeak gure eskuz eginda daude. Baina etxe hauek inposatzen dizkiguten bizimoduak gure bizitza egituratzen dute. Beraz… guk etxea egiten dugu, etxea gure bizitzaren parte bilakatzen da, etxea gu bihurtzen da. Txof!

Makina eta etxea konparatzeko burutapena, noski, Le Corbusier maisuarena da. XIX. mendean ingeniaritzak arkitekturari aurrea hartu zion, eta XX. mende hasierako arkitekto askok arlo tekniko horren bideak arkitekturan aplikatzea erabaki zuten. «Bizitzeko-makina» kontzeptua iraganeko klasizismoarekin apurtzeko biderik errazena bihurtu zen.

Etxea makina bada, eta makina horrek gure bizitzeko modua eta ondorioz gure bizitza bera baldintzatzen badu… zergatik ez dira etxe ezberdinak eraikitzen? Txooof! Hori bai izan dela harri handia, benetan.

Adibideak noizbehinka topatzerik badago; azkena Valentziako hirian burutu behar den Sociopolis proiektu erraldoian ikusi dut. Bertan, arkitekto famatu koadrila batek, Valentziako Generalitatearen laguntza eta zuzendaritzapean, mende berriarentzako «auzo» bat burutu nahi du, erabilera, pertsona eta ekimenen nahasketa orekatu batekin.

Arkitekto horietariko bat Vincent Guallart valentziarra dugu. Bere Sharing Tower edo Dorre Banatua eraikinak gazteentzako egoitzak planteatu ditu, betiere printzipio baten inguruan egituratuta; espazio publikoaren, partekatuaren eta pribatuaren arteko mugen analisia. Nahiz eta proiektuan solairu bakoitzak bere nortasuna izan, guztiek bizimodua era berean egituratzen dute; bertan biziko diren 171 pertsonetako bakoitzak 15 metro karratu pribatu izango ditu eta beste 75 metro karratu gainontzeko bizilagunekin partekatuko ditu. Alde komunak batuz (ordenagailu gela, komunak, sukaldeak), ekonomikoki bideragarria den proiektua burutu da, teorian behintzat.

Konbinaketa prozesu hauekin eraikitako arkitekturari, batzuek Arkitektura 2.0 deitzen diote, blogen teknologia ahalbidetu duen sistemaren izena aipatuz. Izen garaikidea bada ere, arkitekturak beti izan du moldapen horretarako ahalmena. Ideia eta garai berrietara moldatu, teknologia berrien ahalmenarekin. Kontutan hartu ordea, gaur jaurtitzen ditugun harriek sortarazten dituzten uhinak hemendik 15 edo 20 urtera antzemango ditugula, auzo «modelo» horietako semeak gure gizartean sartzen direnean.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *