Erotu egin al gara?

Batzuetan, inkomunikazioak gauzak hobeto ezagutzeko aukera ematen dizu. Egizue froga, egon astebete, bi aste, hilabete bat berriak eta hedabideak irentsi gabe, eta ikusiko duzue zein arrotz antzematen duzuen zuen inguruan egunero gertatzen dena. Estralurtarraren sindromea.

mirallesBlogosfera arakatuz, deskonexio garai baten ostean, ordenagailuaren pantailak ausazko modu batean eskainitako datuek txundituta utzi ninduten. Gauzak eraiki, gauzak eraitsi, planteatu ezin diren gauzak planteatu, izendatze hutsarekin egia bihurtuko direlakoan. Normalean baino kriptikoago naiz, barkatu. Azalpenak, mesedez.

Etorkizuneko Euskal Autonomia Erkidegoan, tren azkarren eta asfaltoz betetako proiektu horretan, 40.000 etxebizitza berri eraikiko dira hurrengo urteetan. Zenbait datu: azkenengo hamar urteetan, erkidegoan bakarrik, (Nafarroa eta Iparraldea kontuan hartu gabe), ehun mila etxebizitza eraiki dira. Balantzaren beste aldean, demografia. 80ko hamarkadara arte EAEko biztanleria asko hazi zen, baina garai horiek pasatu dira, eta 1981 eta 2003 urteen artean 30.000 lagun gutxiago bizi dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Beste era batean esanda, Udalbiltzak argitaratutako txosten baten arabera, azken mende erdian, Euskal Herriko etxebizitzen kopurua hiru bider handitu da, biztanleria, berriz, ez da bikoiztera iritsi. Datu hau inoiz egon ez balitz bezala, Lurralde Plan Partzialak 300.000 pertsonentzako ostatua planteatzen digu.

Eustat-en arabera, bost etxetik bat hutsik dago EAEn. Orain dela bost urte egindako ikerketa batean, Bilbo Handian 42.000 etxe hutsik topatu ziren. Etxe huts horiek, kopuru berdintsu bat, 40.000 pisu berri horiek hain zuzen, hainbat udalerritan banatuko dira; Hondarribia, Orio, Mutriku, Ondarroa, Bermeo, Mundaka, Bakio, Gorliz, Sopelana, eta Getxo. Azken bi udaletan bakarrik 14.000 etxebizitza inguru eraikitzeko asmoak agertu dira.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurugiro Sailak horren guztiaren arriskuaz ohartarazi gaitu, eta antza denez, Lurralde-Antolakuntzarako Azterbide berri batzuen erredakziorako txostenak enkargatu ditu (edo gaztelaniazko izena ezagunagoa izango zaizue, DOT). Zaldi Eroaren txiste bat ematen du «Oraingoan urrutiegi joan dia! Bi txosten prestatuko ditugu!». Azterbide hauek Lurralde Planen gurasoak dira, orain hamabost urte idatzitakoak. Ironia fina, hamabost urteko semea, kabroi samarra atera zaizulako, hil eta beste bat sortzeari ekin. Eta horren ostean, garapen basatiak gure inguru guztia suntsitu behar duela gogorarazten didan beste berri bat agertzen da nire ordenagailuaren pantailan. Bartzelonan 92ko Joko Olinpikoetarako eraiki ziren Arku-Tiro instalazioak eraitsi behar dituzte.

Egileak, Enric Miralles arkitektoak, garai hartan emazte zuen Carme Pinos-ekin batera diseinatu zuen arriskuan dagoen obra hau. 2000.urtean joan zitzaigun Miralles-en talentu miresgarria, eta bide bera jarraitzeko arriskua agertzen du bere obra honek. Bizirik egongo balitz, munduko arkitektorik puntakoena izango genuke Miralles, dudarik gabe. Miguel Fisac-en Pagoda famatuaren eraispena polemikoa bihurtu zen bezala, Arku-Tiro eraikinaren alde gaudenok ahalik eta zaratarik handiena ateratzea nahiko genuke. Eraispenaren arrazoia: Vall d’Hebronen eraiki behar duten metroa.

Batzuek, garapenaren izenean eraikitzen. Beste batzuek aldiz, gauzak suntsitzen estandarte bera erabiliz. Garapena ona al den galdetu beharko genuke, edo, agian, garapen eredu bakarra dagoen aztertu. Garapen mugagabeak ez du gure eta gure inguruaren bizitza kalitatea hobetuko. Zenbait mekanismok ez dute ez arteaz, ez arkitekturaz, ez sentsibilateez ulertzen. Nahiz eta munduko adierazle guztiak erabili, neurriz kanpo gelditzen diren aldagaiak egongo dira. Eskerrak!

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *