Gordon Matta Clark for dummies

Gordon Matta-Clark izena maiz entzun badugu ere, askoentzako irudi bat besterik ez da; Splitting obran agertuko zuen deconstruction joeraren hitzez-hitzezko adibidea, literala. Eraikuntza bat erditik ebakitzen zuen eta Anarkitekturaren aintzindari bihurtu zen. Philip Glass-en doinuekin apaindutako kontakizuna duzue hurrengoa.

gordonmattaclarkHasteko, izenburuaren azalpena, ez dakienarentzat; dummy-k, ingelesez, leloa, traketsa edo baldarra esan nahi du. Honek izenburuaren zati bat besterik ez digu azaltzen. Ekuazioaren beste aldagaia Gordon Matta-Clark (GMC hemendik aurrera) dugu, gazte hil zen artista eta arkitekto estatubatuarra. Edo, nahi baduzue, anarkitektoa. Izenburuaren zergatia; artista honen inguruan egiten diren azterlan asko, nire uste apalean, ulergaitzak dira. Hiztegi misteriotsu batean babesturik, egile askok aingeruen sexuari buruz bezala dihardu, esaera zaharra ahaztuz; «musikari buruz idaztea arkitektura dantzatzea bezalakoa da». Saia gaitezen, bederen, dantza pauso txiki batzuk ikasten, bizitza labur bezain zirraragarria izan zuen artista honen eskutik.

1) GMCk ez zuen arkitekto normal bat izan nahi. Gordon II. Mundu Gerran jaio zen, eta baby-boom belaunaldian sar dezakegu. Gerratearen ondoren Mugimendu Modernoaren eredua besarkatu zuen gizarteak, eta munduaren irudi berri bat esnatu zen. Baina Le Corbusierrek amestutako mundu garbi, txukun eta eraginkorra, ordea, bi hamarkaden buruan arrunt eta zakar bihurtu zen. Argi zuen ez zuela inguratzen zuen stablishmentaren parte izan nahi. Artistek, maiz, gure munduari azalpen bat emateko, bi pauso ematen dituzte atzera, eta objektua -hots, azaldu behar dena- beste ikuspegi batetik aztertzen dute. GMCren objektua, askotan, hiria, eta arkitektura zen.

2) GMC teoriko bat bazen ere, ekintza zuen gustuko, motozerra eta guzti. Bere obrarik ezagunenak kontzeptu oso sinple, eta, era berean, eraginkor batetik jaio ziren; eraikin bat moztu, zatitu, erdibitu, hezurdura agerian utzi, eta, nolabait, bere izaera irauli. Motozerra eskuan, nire ustez bere obrarik esanguratsuena dena egin zuen; Splitting ekimena, Amerikako gerratearen ondoren loratu ziren bi pisuko zurezko etxe baten erdibitzea. Emaitza benetan ikusgarria izan zen. Arkitekturaren aura sakratua kendu ekintza sinple baten bitartez.

3) Bere obrak, urria izan bazen ere, eragin handia izan zuen. Minbiziaren erruz hil zen, 1978ko abuztuaren 27an. Askotan gertatzen den bezala, artistek inguruan gertatzen dena azaltzen dute, eta ilusioa galdu egin zuen AEBetan 70eko hamarkadan arkitektura berriro pentsatu eta planteatu beharra zegoen. Robert Venturi eta Dennis Scott Brownek argitaratutako «Learning from Las Vegas» liburua, eraldaketa horren bozeramaile izan zen. Nolabait Matta-Clark Pier 52 obran egindako esku hartzea, eta Venturi-Brown bikoteak aldarrikatutako ideiak ez daude hain urruti. Beste orbita batean, artista askok GMCk irekitako ildoa jarraitu zuten, bai bere obraren eraginagatik, bai hamarkada astintzen zuen postmodernitatearen bozeramaile bihurtzeagatik. Hala nola, Tadashi Kawamata, Magdalena Jotelova edo geroago Siah Armajani iraniarra aurki ditzakegu.

4) GMCk azaleratu zuena gure egunerokotasunean topa dezakegu. Ez dugu zertan oso urrutira jo arkitektura asaldatzen dituzten ekimenak aurkitzeko. Adibide sinple bezain arrunta; aldamioak. Han edo hemengo fatxada bat zaharberritu behar da, eta aste baten buruan egitura berri bat lapa baten modura itsatsita daukagu. Kasu askotan, orden arkitektonikoaren iraulketa osotzen da, eta aldamioa estaltzen duen oihalean fatxada berriaren 1:1 eskalako irudi bat jartzen digute. Beste adibide bat, erdi eraitsita dauden eraikinak. Bertan,GMCk erakutsi zigun bezala, tarte-hormek mosaiko beldurgarri bezain ederra erakusten digute; etxebizitza bakoitzean dekorazio ezberdina, kolore, horma-paper desberdinak aurkituko ditugu. Bizitza anitzen isla, bonba atomikak hildakoen itzala.

5) Artea egin behar baduzu, egizu umorez. GMCren garaian, egun dauzkagun arazo asko zituzten. 1974an Reality Properties/ Fake Estates obran, arkitektura eta hirigintzaren zirrikituetan sartu zen, espekulazioari barre egiteko; New York osoan zehar orube txikiak bilatu eta erosi zituen. Txikiak hemen ñimiñoa esan nahi du. Gure hiriek antolatzeko duten sistemetan agertzen ziren metro eta erdi karratutako orubetxoak erosten zituen, nolabaiteko higiezin surrealisten inperioa osotuz. Beste adibide bat, artistek kudeatuko zuten eta artistentzat izan behar zen jatetxe famatua ireki zuen. Izena? Ezin zen bestela izan; Food (janaria). Postmodernitatearen txantxa horiek, badakizue.

Gure ingurura begiratu behar dugu. Begirada kritikoa erabili. Askotan, gehienetan, gure bizitzek horretarako beharrezkoa litzatekeen lasaitasuna kentzen digute. Horra non sartzen den artea. Gure hirietan aurkitzen ditugu begirada ezberdinez margotutako txokoak. Gaztetxeak dira, edo hobeto esanda, Zentro Sozial Okupatu eta Autogestionatuak iruditzen zaizkit, dudarik gabe, adibide hunkigarrienak. Espazio hauen arkitektura, askotan irudimena eta ilusioaren alaba da, eta GMCk irekitako bidea jarraitzen dute. Eta, hasieran esan bezala, erabili behar ez nituen hitz ulergaitz horietako bat erabiliz, Hakim Bey-k izendatutako Temporally Autonome Zone (Aldi Baterako Gune Autonomoak) datozkit burura. Gune horiek bezala, GMCk ere espazioak aldatzen zituen. Polizia heltzen ez zen bitartean, behintzat.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *