Adolf Loos eta Euskadi Plaza

Zer da modernitatea? «Moderno naiz» esatea posible al da, denak balio duen gure mundu honetan? Besteak baino pauso bat aurrerago gaudela pentsatzea zilegi al da? Gure kaleak, diskotekak, arte galeriak eta ildo alternatiboko lokal okupatuak betetzen dituzten modernoek orain dela hamar, hamabost, hogei edota hogeita bost urteko arropak janzten dituzte.

Adolf Loos Bilbon

Eta edertasuna? Intelektualek edo, hobe esan, gustu onaren oligarkek garai batean zuten erabakitzeko boterea desagertu egin da, gustuen demokratizazioaren eta do it yourself izpirituaren poderioz. Berriro esango dugu: edozer gauzak balio du. Denak balio duenez, modernoena, antza denez, klasikoa izatea da. Hori eman digute aditzera Bilboko alkate jaunak, Iñaki Azkunak, eta Rob Krier arkitekto luxenburgoarrak, Euskadi Plaza berrian eraiki behar dutenarekin: Artklass eraikina. Marc Breitman frantsesarekin batera egindako proiektua aspaldi ezagutarazi zutenez, telegrafikoki eskainiko dizkizuet datuak: 45.000 metro karratu, 190 etxebizitza, 8.000 euro/metro karratu (egin zuek kontuak), 8 solairu gora, 5 behera (aparkalekuak), 210 auto, Krierrek berak egindako 6 eskultura, eta hamaika estilo klasiko, bata bestearen ondoan jarrita. Definitu ezin den estilo eklektikoa sortzen dute eskulturek.

Santiago Calatravarekin izandako buruhausteen ondoren, Azkunaren aurpegian nolabaiteko lasaitasun keinua ikus zitekeen proiektuaren aurkezpen egunean. Arkitektura ona, markakoa, star-system arkitektonikoaren barruko profesional baten obra, baina arazorik gabe. Eta gainera, ederra. Are gehiago, modernoa.

Klasikoen bidea hartuz, modernitatearen atarira heldu. Ez da kontu berria, inola ere ez. Mies van der Rohek (ia 80 urte) egindako Bartzelonako pabiloia bisitatuz gero, hamaika kotxe iragarkitan ikusitako arkitektura «moderno» baten lekuko izango gara, Jorn Utzonek Sidneyko badian diseinatutako opera etxea (50 urte) ikustean, Calatravaren obren haziaz jabetuko gara, Eero Saarinen TWAko terminalean (50 urte) Zaha Hadidek maisuki irudikatzen dituen formak aurkituko ditugu. Kopiatzea, arkitekturan batez ere, ona da, beharrezkoa.

Eta modernitatearen eztabaida horretan, amesgaizto batetik ateratzen gaituen trumoi-hots bat bezala, haizeak XIX. eta XX. mende artean bizi zen arkitekto baten izena dakar. Adolf Loos, austriar maisua, modernitatearen atarian gelditu zen aitzindaria dugu. Modernitatearen apostoluek (Aalto, Mies, Le Corbusier…) itzala egin badiote ere, bere mezuak oraindik ere bizirik dirau, eta gauza onak denboraren eta moden joan etorrietatik kanpo gelditzen direla frogatzen du.

Adolf Loosek bere garaiko estiloaren kontra borrokatu zuen. Bere ustez, Europako hirietan «kultura» gabezia larria zegoen. Gizakiak bere kanpo espazioarekin erlazionatzeko duen tresnatzat hartzen zuen kultura. Horrela bada, ofizioaren eta artearen arteko banaketa egiten zuen; arotz batek etxe baten teilatua egin behar duenean, ez du haren edertasunean pentsatzen, beste faktore batzuk izaten ditu kontuan. Ondorioa ez da ez ederra ez itsua, «teilatua» da eta kitto. Nekazariek beren lurrak ereitean sortzen dituzten lur mugimenduak ez dira irizpide estetikoengatik eratzen, beharragatik baizik. Giza sorkuntzak badira ere, eta berez artifizialak, modu naturalean sortzen dira.

Arkitektoek, Loosen garaian (eta ordutik aurrera), prozesu hori hautsi zuten. Arkitekto batek ez du etxe bat egiten, etxe bat adierazten duen marrazki bat baizik. Kobazulo platonikoaren mitoan bezala, margolarien esparruan, ideien erreinuan sartzen direnean, naturaltasuna galtzen dute, etxea eraiki behar duen igeltsero, hargin, zurgin eta besteekin kontaktua galtzen dute.

Loos horretaz jabetu zen eta ofizioekin kontaktua berreskuratzen ahalegindu zen, tailerrak bisitatu eta, artisauei gauzak galdetu, garaiko arkitektoek ez zuten umiltasunez. Horren emaitza: arkitektura sinesgarria, kanpotik eta barrutik gauza berdinak esaten zituena, zintzoa. 1909an, Loosek Vienako erdigunean zintzo agertzen zen etxebizitza eraikin bat eraiki zuen; aldamenean zituen etxeak ez bezala, apaingarririk ez zen ikusten haren fatxadan. Materiala (Cipollinoko marmol ikusgarri bat) zen ornamentazioa. Mende hasierako Vienan, Berpizkundeko eta Klasizismoko harrizko arkitektura gogoratzen zuten eraikinez betetako hiri horretan, Loosen etxeak iskanbila sortu zuen.

Loosek berak artikulu batean argi azaldu zuen: pentsa egun batean, kalera irteterakoan, jendea orain dela bi mendeko jantziekin ikusten duzula, eta zuk, berriz, alkandora normal bat daramazula. Zein izango zen orduan xelebrea edo bitxia? Haiek ala zeu? Nor dago mozorroturik Bilboko mapan? Abandoibarra, Zorrotzaurre, Olabeaga eta Loiuko kolore eta forma arraroko eraikinak, edota Krierrek eta Breitmanek irudikatuko etxe neoklasikoa? Zergatik ez datoz bat jendearen iritzia eta oligarkia intelektualaren ustea? Zergatik erabiltzen dugu «moderno» hitza ia mende bat duten ereduetarako? Gaur, irakurle maitea, galderak besterik ez ditut ekarri. Agian oligarkia horretan parte hartu nahi ez dudalako. Zuk zeuk aukeratu zer den ona eta zer den txarra. Irizpidea, aditu askok esaten dutenaren kontra, begiak eta izpirituak irekita lantzen da, ez liburuen atzean ezkutatuta.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *