Arkitektman versus Doktor Ingeniaria

Hasi da. Bertan daukagu. Bologna, edo Bolonia prozesua bertan daukagu. Unibertsitate komunitate osoari ez ezik, arkitektooi ere uste gabeko ondorioak ekarriko dizkigu Europa mailako erregulamendu berriak. Urriaren 26an, errege dekretu baten bitartez, unibertsitatea hiru erresuma handitan banatu zuten; graduak, masterrak eta doktoreak.

arkitekmanAzkenengo asteotan, arkitekto estudioek spam alarmista batzuen bisita jaso dute. Gutun elektroniko horietan, Estatu osoan izan diren mobilizazioen berri ematen zuten, eta «barrikadetara» ko deialdia zabaldu ere. Egoera ez da oso ondo ulertzen, baina oso aspalditik datorren arkitekto-ingeniari lehiarekin zerikusia dauka. Laburbilduz, eta pop kulturak gauzak inork baino hobeto azaltzen dituelakoan, ikusi al duzue inoiz «Escenas de matrimonio»? Ba, arkitekto eta ingeniarien arteko erlazioak amodio-gorroto mekanismo berberak jarraitzen ditu. Elkar maite eta behar, baina beti gaizki esaka.

Alarma oihua arkitektook belaunaldiz belaunaldi izan dugun statu quoa desagertzeko arriskua dela-eta piztu da. Erreforma berriarekin, Ingeniaritza gradu titulatuak, master batekin arkitektoen atribuzioak eskuratuko lituzke. Aste hauetan alkandora anitz apurtuko ziren agian, baina hau ez da pasa den astetik datorren arazoa. Arazoa esan dut? Krisia esan nahi nuen. Zeren, krisia, definizioaren arabera «zerbaiten bilakaeran gertatzen den epea» besterik ez da. Zerrenda ditzagun, nire uste apalean, gauzatzen diren egia ukaezin batzuk;

1) ARKITEKTUAREN IRUDIA ALDATU EGIN (BEHAR) DA; falokratismoa alde batera utzi behar da. Zaldun bakartiaren ereduak ez du arrakastarik izango. Egun arkitekturak imajina daitezkeen baino betekizun gehiago badauzka ere, arkitekto bakan batzuk daude Estatu mailan gai ezberdinetan espezializatuak. Europa mailan oso normala den banaketa (arkitekto urbanista, paisajista, eraikuntza arkitektoa, zaharberritzean espezializatua, bioklimatikoa, interiorismo aditua, lurralde-antolaketa, e.a.), gurean ez da ia ematen.

2) ARKITEKTOEK INGENIERITZAK ERABILTZEN DITUZTE JADANIK; estudio arrunt batek lan asko «kanpora» bidaltzen ditu. Egituren kalkuluak, atondura berriak, eguzki-panelak, normalean kanpoko estudioei bidaltzen zaizkie (askotan lanean ari direnak arkitektoak izaten dira, baina ingeniariak izatea da normalena). Hona helduta, argitu beharra dago Arkitekturaren ikasketak, Europa mailan ez bezala, karga tekniko handiarekin egiten direla, beste munduko edozein puntutan ez bezala. Izugarri teknifikatu da arkitektura, eta mundu globalizatu honetan eraikuntza teknikak menperatzea ezinezkoa da. Arkitektoari kudeatzaile papera besterik ez zaio gelditzen.

3) ARKITEKTURA EZ DA INGENIARITZA; eta ondorioz zenbait gauza ezin dira ingeniaritzak ezartzen dituen Hamar Aginduen bidez egin. Ingeniaritzaren axioma klasiko bat, adibide: «zerbait ondo badabil, ez ukitu». Hori arkitekto batentzat ulertezina da, arkitektura denboraren menpe idatz daiteken funtzio matematikoa baita. Gauzak belaunaldiz belaunaldi aldatuz doaz. Logika hori gabe, orain dela hiru mendeko etxebizitzak izaten jarraituko genuke (onartu behar da, dena den, pasa den mendetako emaitza berdintsuak ditugula. Ez da asko aurreratu).

4) GURE HIRIAK OSOTZEN DITUZTEN ERAIKUNTZEN %90 EN, ARKITEKTURA OSAGAI TXIKIA (ETA ARBUIAGARRIA) DA; egizue froga, aldizkari eta egunkarietan agertzen diren «arkitekturak» zenbatu, eta gero zenbatu zuen auzoetan dauden eraikin kopurua. Mendebaldeko zibilizazioaren historian ez da egon hain herri-arkitektura pobrea aurkitu den garairik. Eraikuntza prozesuan jokoan dauden eragileetatik, arkitektoa bakarra da, eta askotan gutxien hartzen dena kontuan. Garrantzitsuena, eta erabakigarriena, kapitala. Eta, noski, logikari jarraituz pisu handiena izan beharko lukeen eragilea, etxearen erabiltzailea, kasu gehienetan ez da ekuazioan sartu ere egiten.

5) TRADIZIONALKI, ARKITEKTOAK SOILIK ARITU DIRA; aurreko belaunaldietan arkitekto kopurua ez zen egungoa bezain handia, eta proiektuek exijitzen zuten dokumentazioa ez zen hainbestekoa. Horrela ba, arkitekto «bakartia» gauza ohikoa zen. Gaur egun, arkitektoak ugaritzearen ondorioz, garai batean delinianteek egiten zuten lana arkitektura titulatuek egiten dute. Eta, zergatik ez aipatu, badagoela nolabaiteko «ego artistiko» bat, eskolatik bertatik elikatuta, talde lanak zailtasunez betetzen duena. Ingeniaritzan arazoa handitik txikira aztertzea posible den bezala, ingeniari ezberdinak modu gehigarrian aritu daitezke inolako arazorik gabe.

Beraz, beldurrak alde batera utzi behar ditugu. Arkitektook badauzkagu bestelako arazoak. Azkenengo bost urteetan Espainiar estatuan Frantzian, Erresuma Batuan eta Italian eraikitako etxebizitza kopuruak gora egin du. Etxe bat lortzeko gure gazteriaren aukerak, ordea, benetan eskasak bihurtu dira. Gure lurraldea txikitzen ari gara, eta historiak akaso 70eko hamarkadan Lebante asfaltatu zuten arkitekto belaunaldiari eman dion tratamendua emango digu; hots, axolagabeena.

Bolonia prozesua gauza askorengatik da, beraz, eztabaidagarria (enpresen aurrean amore ematea bezala ulertu du askok), baina oraingoan, arkitektoentzako hausnarketa garaia ahalbideratu beharko luke.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *