Bilboren G puntua

Aldez aurretik, eta gauzak argi uzteko, Guggenheim museoaren urteurrenari buruzko artikulu baten aurrean zaudetela jakinarazi nahi dizuet. Abisua bertsozaleentzat da, batez ere. Dakizuenez, aste honetan, ezinbestekoa dugu begirada atzera botatzea eta hamarkada honen nondik norakoak aztertzea. Dena den, museoa gutxitan aipatuko dut, bere inguruan harrotzen diren (edo ez diren) hautsak interesgarriagoak direla uste dudalako.

Post-G Bilbotik bidaia hasi dugu. Hasteko, A8 autopista hartuko dugu, Santanderrerako norabidean, BEC erakustazokan irtengo gara eta IKEAn egingo dugu lehenengo geldialdia.

IKEAren publizitatean argi ikusten da enpresa honen atzean dagoen ideologia; zure bizitza aldatu, zure altzariak berritu. Kapitalismoaren mekanismoak iruzur hori egiten digu, behin eta berriro. Erosketa konpultsiboak ondo sentiarazten gaituzte. Subjektua aldatu beharrean, objektua aldatzearekin aski dugu. Hasi al zarete zertaz ari naizen asmatzen?

Ikealizazio prozesu handia dugu gure baitan. A8 autopista ostera hartu eta Donostiako Artzai Onean geldituko gara. Lagun italiar batek, San Martin merkatu zaharraren eraispenaren aurrean izugarrizko harridura erakutsi zidan behin. Italian garai bateko eraikinak botatzea ez omen da hemen bezain erraza. Zerbaitegatik dira italiarrak mundu osoko zaharberritzaile onenak. Guk, ordea, joan den mendeko ondareak inolako gupidarik gabe aldatu ditugu. Salbuespenak kasu bakan batzuk besterik ez dira.

Bilboko mugan geldituko gara, Basauri eta hiriburua banatzen dituen mugan: Nerbioi-Ibaizabal ibaia. Gauza asko ikusiko ditugu. Alde batetik, ez dagoena, hots, Santa Ana de Bolueta fabrika (tximinia bakarti bat ez bada). Etxebizitzaren salbuespen egoera honetan birritan pentsatu gabe eraitsi zuten fabrika. Bestetik, egongo dena ikusiko dugu: hainbat kasutan 27 pisu arteko etxe-orratzak. Hugh Ferris-ek egindako Manhattaneko irudiak dirudite, Boluetako proiektua edota Bilboko bilbean zehar dauden beste hamaika bezala (adibidez Miribilla auzoa). Ustiapen urbanistikoaren espresio bezala ikus daitezke. Batzuetan, gehienetan, ez dakigu non hasten diren politikariak eta non bukatzen arkitektoak.

Puntu honetan, gure kontakizunaren protagonista nagusiari jarriko diogu arreta; Bilbok izan duen transformazio handienen artean, garrantzitsuena dudarik gabe, ibaiarekiko izan duen jarrera aldaketa izan da. Baina kontuz, ez pentsa Bilboko historian ibaiak garrantzirik izan ez duenik; nolabait, giltzarria izan da beti, dudarik gabe. Industrializazioak ekarritako burgesiak, eta Zabalgunearen eraikuntzak, ibaia bigarren maila batean utzi zuten, maila estetiko eta funtzional batean bederen. 1876. urtean onartutako planak ibaiari bizkarra ematen zion, eta 80ko hamarkada arte behintzat horrela izan zen. Geltoki berria, G-puntua, parez pare dugu. Industriak behera egin du, edo behintzat ez da jarduera nagusia. Beste industria mota batek hartu du bere lekua. Hala ere, Abandoibarran agertzen diren arc de triomphe ugariek nolabait animalia eroriaren antza hartu nahi dute, larru mimetikoz estaliz; altzairua, titanioa, harria. Jarduera berriek, turismoak, arteak, materialtasuna galdu dute, proletalgotik kognitargorako bidaia batean. Aldaketaren lekuko eta testigantza moduan, ibaian zehar gelditu den «arerioaren» hezurdura, urkamenditik zintzilik, La Carola garabia, hain zuzen. Bitxikeria bezala, nekrofilia puntu bat; egunotan Artxanda parke zaharrera txangoak ari dira antolatzen, sarrera debalde.

Lurrera salto egiten dugu, proposatutako bidaia bitxi honetan. Tranbia hartu, zientzia-fikziozko Zorrozaurre proiektutik San Mames berrra, eta Abandoibarra, Metroa, Euskalduna Jauregia, Alhondiga eta beste hamaika «brand-new» mugarri pasatzen ditugu, aho zabalik batzuetan, begiak lotsaz ixten bestetan. Akatsak eta asmatzeak.Testu honetan tonu mingotsa igarriko zenuten; asmatzeak alde batera utzi ditut, jasaten ari garen bonbardaketa mediatikoak horiek aski eta soberan goraipatuko dituelako. Baina akatsak ez dira, gaur egungo gizarteak uste duen bezala, lotsagarriak, etorkizunerako irakasgaiak baizik.

Laborategi bihurtu zaigu Bilbo. Alfonso Vergara eta Juan Luis de las Rivas-ek azaltzen duten bezala, G-Puntuak Bilborentzat suposatu duena ez dago «beste hirietara eramaterik eraikin bakan baten eraikuntzarekin bakarrik». Bilboren, Bizkaiaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Gobernuaren esfortzuak izan ziren beharrezkoak eraldaketa egiteko, eta museoa punta besterik ez zen izan. Ondorioak asko izan dira, eta Bilbok egindako jokaldia atzerriko unibertsitateetan aztertzen da, eredu bezala.

Askok diote aldaketa paregabea izan dela, eta hiriko kaleetan paseatzean, ematen duela puntako arkitektura besterik ez dugula ikusten. Beno, nire begirada bestelakoa da, etxeak orain dela 100 urte bezala planteatzen baititugu, familia eredu berarentzat, espazio trinko berdinekin. Esperimentuak alderatzen ditugu (Basauriko 40 m2-tako etxeak bertan behera gelditu dira, enteratu ez bazarete), eta antzinako formulak mantendu. «Egile» arkitektura eraikitzen denaren ehuneko oso txikia dela gogoratu behar da, etxe normalak ezin direla titanioz estali, eta, azken finean, horiek direla gure gizartea zizelkatzen dutenak.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *