Zabor(ama) eta 5. Barrutia

Auzo hobe bat posible da. Gaur egungo 200 kilometro orduko gizartean, mugimendu altermundistek aldarrikatu zuten leloari buelta emateko ordua heldu da. Bilboko 5. barrutiaren barnean dauden Bilbo Zaharrean, San Frantzizko eta Zabala auzoetan, hala uste dute behintzat. Hurrengo aste osoan, «Zaborrari buruzko tailerrak» antolatuko dira, auzoei beste begirada bat emateko ahalegin batean.

ZABORAMALasai, ondo irakurri duzue. Zaborra. Inork nahi ez duen ondorioa (ondorio eta ez hondakin, gure kontsumoaren ondorioa besterik ez da eta). Antolatzaileak, San Frantzizko Zaharberritzeko Udal Bulegoa, Bilboarte. Dinamizatzaileak, Amaste, Basurama eta Recreados kolektiboak. Parte-hartzaileak; hiritarrok. Informazioa, beti bezala eraginkorrena Interneten topatuko duzue, talleressobrebasura.blogspot.com.

Has gaitezen dinamizatzaileekin; Amaste kolektiboko Txelu Balboarekin eta Basuramako Ruben Lorenzorekin egon ginen berbetan. Bi taldeek, bilbotarrak batzuk, madrildarrak besteak, jakintza alor anitzeko lan taldeak dira. Lehenak, komunikazio eta kreatibitatean oinarrituta eta arkitekturan bigarrenak.

Esparru ezberdinak badirudite ere, «begirada» hitza behin eta berriro azaltzen zen beren diskurtsoetan. Auzoari begirada ezberdin bat eman, egunerokotasuna betetzen duten elementuak aztertuz, eta ahal den moduan, irtenbideak ebatziz.

Gizarte postmodernoa gehiegikerien gizarte bihurtu da; dena da kritikagarria, zaborra edonon topatzen dugu, zentzu batean edo bestean. Edukinean topa dezakegu, ideologikoki (guztiok entzun dugu «telebista-zaborra» esamoldea).

80 eta 90eko hamarkadetan hainbat arkitekto, aurreko hamarkadetako angulo elkartzutak zalantzan jartzen hasi ziren eta aurreko guztiarekin apurtu zuten, bai edukinean, bai edukitzailean ere.

Jacques Derrida filosofoak, besteren artean, arkitekturari botatako begiradak ispirazio bezala hartuta, Frank Gehry, Coop Himmelb(l)au, Bernard Tschumi, Eric Owen Moss, Daniel Libeskind, edo ta Enric Miralles arkitektoek eraikina «apurtu», «zatitu» eta «irauli» zuten.

Egun hauetan, Bilbotik pasatzen zaretenontzat, gomendio bat, modu honetako arkitektura eredu bat ikusteko, joan zaitezte Osakidetzaren eraikin berria ikustera, Bizkaia plazatik gertu gelditzen dena.

Aspaldi erakutsitako infografia nahaspilatsuek eraikin baten forma hartu dute; azal bikoitza duen beirazko horma-oihala apurtzear dagoela ematen du, lehergailu bat barruan lehertu balitz bezala.

Arkitektura honek, nolabait, gizartearen izu eta paranoietan jartzen du arreta, gizateriaren hondakinetan, ikono bezala antzemanda. Artearen munduak, aurrea hartu zion arkitekturari, eguneroko objektuaren goraipamenean lehenbizi (Dadaistak eta beraien kontestu ezak, Pop Art-a eta mundu guztiarentzat eskuragarri zen artea), eta material ezberdinen analisian geroago. .

Artearen munduko adibiderik onena Arte Pobrean daukagu, (arte povera). Agian, mugimendu honi hasiera emango zion obra, 1961.ean Manzoni artistak egindako «Merde d’artiste» izango zen. Bertan, Manzonik bere `gorozkiak’ kontu handiz 90 latatan sartu zituen. 50 urteren buruan, ia 10.000 euroko salneurria lortu duten ikono artistikoak bihurtu dira. Hondakinaren paradigma, norbere gorputzak nahi ez duena. Geroago, Mario Mertz artistak elementu oso pobreekin egindako eskulturek, gizakiaren aintzinako etxea irudikatzen zuten, Europa osoko mitologia oinarritzat hartuta.

Belaunaldi bat geroago, Gordon Matta-Clark edota Tadashi Kawamata artistak eraikina, hitzez-hitz, zatitu zuten. Matta-Clark anarkitektoaren kasua bereziki interesgarria da, joan den azaroan Reina Sofia zentruan ikusi genuen bezala. Laburbiltzeko, mutiltxoa, teoriaz gogaitu zen eta praktikara jo zuen, motoserra eta guzti. Venturi & Brown posmodernoen gurasoek mozketa horien berri izan zuten, eta askoren esanetan, proiektu asko egin zituzten nolabaiteko izpiritu «anarkitektoarekin».

Gutxinaka, forma, tradizionalki arkitekturarentzat garrantzia izan zuena, materialak ordezkatu zuen. Herzog & De Meuron edota Peter Zumthor arkitektoek erakutsitako material hutsarekiko sentsibilitate berriek arkitekturaren horizonte berriak aldarrikatzen zituzten. Mendearen aldaketarekin, birziklaiak hartu duen garrantziarekin, material disposaketa berri honek piezen berrerabiltzea ahalbideratu zuen, beste kontzientzia baten loratzea. Arkitektura birziklatua errealitate bat da gaur egun, eta energiaren arazoa areagotzen doan heinean, gure diseinuetan gero eta garrantzi handiagoa izango dute.

Zaborra gizarteak nahi ez duenaren ikurra da. Baina ez du esan nahi balio ez duenik. Gauza mordoa botatzen dugu zakarrera, beste berri bat erosi dugulako, edota non sartu ez dugulako. Alde horretatik, San Frantzizko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoak, prozesu paralelo bat bizitzen ari dira. Gentrifikazio prozesua, hitz potolo eta ulergaitz bat erabiltzen lagatzen badidazue. Gauza zaharrak bota, berriak sartzeko. Puntu honetan, hurrengo astean egingo den ekimena, lehen aipatu bezala, beste begirada bat ematera animatzen gaitu. Zabor artean loreak bilatzeko baino, zaborrarekin lorategiak eraikitzeko.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *