Los Angeles eta gizon ikustezina

Noizbait AEBetara joateko aukera edo kemena badaukazue, konturatuko zarete gauzak pelikuletan agertzen diren bezala direla. Gutxienez, aspektu estetikoetan, egunerokotasunaren partean.

Gaurkoan, Los Angeles hiriaren egituratik bidai bat proposatzen dizuet. Bidean zehar, beranduko kapitalismoak buztina moduan irudikatu duen bene-benetako hiri amerikarra topatuko dugu. The real one. Beste edozein hiri ez bezala, Los Angeles-ek (L.A.) hasierako hiri amerikarrak hartutako eredu europearrak deuseztatu ditu, suntsitu, birrindu. Eta bidaia hau, Hollywood-en hiriari dagokion legez, zinemaz zipriztinduta izango da.

How the West Was Won, La Conquista del Oeste, Ford/Hathaway/Marshall, 1962. Kaliforniatik pixka bat urrun gertatzen bada ere, pelikula honetan eskala kontzeptua ikusi dezakegu. Kultura estatubatuarrean eskala beti izan da handia, erraldoia, irabazlea. Garai bateko kolonoek egin zuten bezala, L.A. hiriak ere zabalkuntza prozesu erraldoi bat izan zuen. Konparatu datuak; 1791. urtean sortu bazen ere, XX. mendean ez zen egon beste hiririk hainbeste etorkin jasoko zituenik. Gaur egun, Los Angeles-ek 17 miloi biztanle ditu bere baitan. Harrigarriena bestalde, dentsitatea da. 160 kilometroko gune batetan 3100 bizt/km2- ko dentsitate bat dauka, Madrilen kopuru berdina, baina hamar bider handiago den azalera batean.

Zurezko etxe prefabrikatuak edonon. The Truman Show, El Show de Truman, Peter Weir, 1998. L.A. ez da hiri bat, hiri askoren batuketa bat baizik. Kapitalismoaren ikasbideak jarraituz, hiri bakoitza ondokoarekin borrokatzen da inbertsioak erakartzeko. Galtzaileak eta irabazleak. Heather, Escuela de Jovenes Asesinos, Michael Lehmann, 1989. Moreno Valley L.A.-ren barnean dagoen hiriak zergak ezabatu zituen eta enpresentzat erraztasun guztiak eskuratu.

Hamarkada baten ostean, enpresek alde egin dute eta hiriko bizitza kalitatea zeharo murriztu da. Looser. Beste muturrean, Orange County, AEB osoko errentarik handienak bere baitan dituen lurraldea. The O.C. Orange County, telebista saioa, Josh Schwartz, 2003.

Los Angeles hiriak dauka plangintza komun bat. Badirudi beste motatako indarrek mugitzen dituztela urbanismoaren mekanismoak. Errepide sarea, esate baterako, lurraldearen zatitzaile eta egituratzaile bezala ikusi daiteke. The Matrix Reloaded, Wachowski anaiak, 2003. 15 autopista eta 3 ubide erraldoiek, desertu bat izan behar zena munduko ekonomiarik boteretsuenetariko bat bihurtu dute.

70, 80.eko hamarkadetan, L.A.-k Japoniara begiratu zuen. Bere garaiko alkatearen esanetan, XX. mendean New York eta Atlantiar ozeanoa izan bazen, XXI. mendea Los Angeles eta ozeano Barea izango zen. Japoniako eta Kanadako inbertsoei esker, downtown (komertzial zentro berri bat, hiriaren grabitate zentroa) berri bat eraiki zen, prozesuan antzinako hainbat auzo eraitsiz. Die Hard. La Jungla de Cristal. John McTiernan.

Crash, Paul Haggins, 2004. Los Angeles, arraza aniztasun aldetik, munduko hiririk oparoena dugu. Bertan, AEBetako etorkinen %20 bizi da, eta biztanleriaren %40 atzerrian jaiotakoa da. Egun, asiar eta zuriak lanpostu onenengatik lehiatzen diren bitartean, beltzek eta hispanoek behe mailako lanekin konformatu behar dute. 1990.eko zentsuan, %50 zuri, %33 hispano, %8 beltz eta %9 asiar baziren ere, 2010.erako hispanoen %44 bat espero da. «La bamba», Luis Valdez, 1986.

Talde txiki hauen kontrako presioa jasangaitz bihurtu zen 1992. urtean, hain entzutetsuak izan ziren istiluek islatuko zuten bezala. American History X, Tony Kaye, 1998. Borroka horien ondorioak asko izan baziren ere, Mike Davis idazleak Beldurraren ekologia liburuan azaldutako aldaketak dira neretzat interesgarrienak; Bunker Hill gune komertzialean, segurtasun sistema berriak probatu ziren, eta haien arrakastaren ondorioz, downtown guztia gotorleku bihurtu zen. Hiriak XXI. mendeko arrazakeri berria hasi zuen; txiroen kontrako burruka. «Kontrol sozialeko barrutiek» hiriak gune ezberdinetan banatzen zuten; barruti batzuetan eskaletasuna debekatuta zegoen bitartean, beste batzuetan espaloia «lo egiteko gune» bezala azaltzen da. Eskale bat auzo «normal» batean aurkitzekotan, poliziak ziztu bizian «kontentzio barruti» batera eramango du. Bertan sartzen diren bitartean, ez dago arazorik.

Demolition Man, Marco Brambilla, 1993. Eta ezin dugu ahaztu Los Angeles hiria Big One lurrikararen itzalpean bizi dela. Azterketa berrienen arabera, azkenengo mendea normala litzatekeen baino bareagoa izan da, bai mugimendu sismikoetan bai tradizionalki Kaliforniako hegoaldean izaten ziren lehorteetan. Hau da, L.A. hiria mugagabe garatu den azken 150 urte hauek anormalki lasaiak izan dira. Baina normaltasun eza hori, noiz edo noiz, bukatu beharko da. Los Angeles hiri posmoderno eta kapitalistaren eredu bihurtu zaigu, kulturalisten ametsgaizto den hiri bilbe pobre batekin. Bere erroekin, deskonexio horri esker, hiriak behin eta berriro asmatzeko gaitasuna dauka. Gizon ikustezina bezalakoa da; ikusi dezakegun bakarra gainean erortzen zaizkion elur malutak dira, inoiz ez bere egitura edo ordenamendua.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *