Arkitektura eta Levi’s 501 Sindromea

Orain dela egun gutxi, hedabideek Habidite marka komertzialak Azkoitian ireki behar duen fabrikaren berri ematen ziguten. Fabrika hau, Alonsotegiko instalazioekin batera, etxe aurrefabrikatuen ekoizpenean arituko da buru-belarri.

levis

Datuak zorabiatzeko modukoak dira; planta bakoitzak 1.100 langile izangu ditu, eta urtean 3.500 etxebizitza egingo dituzte. Halako sei fabrika ireki behar ditu Estatuan Afer taldearen filial Habiditek, gure egunotan hainbeste alarma sozial sortu duen eraikuntza eta energia eraginkortasunaren arteko erlazioa hobetu nahian. Zeren, teorian, aurrefabrikazioak energia aurrezten du. Arkitekturaren mugak, bestalde, berriro marraztu beharko dira teknika horrek arrakasta izanez gero. Artikulu honetan, artisautzaren eta arkitekturaren erlazio ahula aztertzeko helburuarekin, aurrefabrikazioa aitzakiatzat hartzeko baimena eskatzen dizuet.

Aurrefabrikazioak beti izan du ospe txarra. Bigarren Mundu Gerratearen ostean izugarrizko etxebizitza beharra izan zen Europa zaharrean. Alemanian bakarrik, 6 milioi eta erdi etxebizitza zeuden eraikitzeke, modu azkar, eraginkor eta merkean. Teknologia aurrefabrikatua, beraz, «larrialdietako» egoeretan izan da erabilia, egoera horiek dakartzaten estetikarekiko ardura ezarekin. Hotz garenean, etxea nolakoa den gutxi inporta.

Baina aurrefabrikazioak maila ezberdin asko ditu. Bidearen alde batean, industria, eta bestean, artisautza. Erainkuntza elementuen normalizazioak bi muturrak aldentzen ditu. Urruntze hau orain dela denbora asko hasi zen. Puntu finko bat jartzearren, 1850era joango gara. Urte horretan Joseph Paxtonek Crystal Palace famatua eraiki zuen Londresko Erakusketa Unibertsala zela eta. Beirazko jauregi honek lorategi erraldoi baten forma zuen, eta eraikuntzan erabilitako piezek normalizazio eta industrializazio sistema bat jasan zuten. Hortik aurrera, Industria Iraultzaren eskutik, eta batez ere altzairuaren teknologia garatzen zihoan heinean, arkitektura gero eta industrializatuago bihurtu zen. Lehen modu artisauan egiten ziren piezak ekoizpen kate batean egin ziren aurrerantzean.

Bat-batean gure hiriko auzoetan inoiz gertatutako gauza bat jazo zen: beren itxura homogeneizatu zen, guztiz berdindu. Oso denbora gutxian eraikin asko landatu ziren, eta auzo osoak zerotik egin. Euskal Herriko hiriburu guztietan daukagu honen adibide. Ordura arte, arkitekturaren «moteltasunak» eraikin bakoitzaren nabarmenketa zekarren, artisautzan gertatzen den bezalaxe. Zenbat eta industrialago prozesua, orduan eta etxe «berdinagoak».

Teknologia egokia izan arren, garrantzizko salto formalik oso berandura arte ez zen gertatu. Eraikinak altzairuarekin egin arren, harriz estaltzen ziren, eta arkitektura neoklasikoaren tick asko bereganatu: apainketak, zutabe klasikoek ekarritako hiruko zatiketa, etab. Arkitekto austriar batek, Adolf Loos-ek, XX. mendeko hasieran altxatu zuen ahotsa bere ustez «delitua» besterik ez zen apaingarrien kontra. Loosek erabilitako sistema onartzea nahi zuen, kanpoko espazioak eta barneko espazioak bat etortzea (hau arkitekturaren historian kontuan hartzeko zer edo zer da; Berpizkundean fatxadaren erritmoari jarraitzeko, barnetik bi metrora zeuden leihoak diseinatzen ziren. Florentziako jauregi paregabeetan, leiho ugari topa ditzakegu eskaileratxo batzuekin azpian; beste modu batean helduezinak izango ziren). Sistema berriek arau berriak ezartzen dituzte. Loos eta beste arkitekto on asko horretaz jabetu ziren. Le Corbusier arkitektura modernoko maisuak hormigoi armatuaren aukera guztiak erabili zituen arkitektura berri baten bilaketan.

Gaur egun, prozesu arkitektonikoaren paradigma aldaketa baten aurrean gaude. Gure obretan «ofizioa» duten langileak gero eta eskasagoak dira. Euskal Herriko harginak, adibidez, garai baten famatuak ziren Europa osoan. Gaur egun oso gutxi gelditzen dira, taxuzko lanik egiteko, behintzat. Profesioa aldatzen joan da gu ia konturatu gabe. Orain dela 50 urte, etxebizitza baten proiektua bizpahiru plano eta orri gutxiko memoria bat ziren; gaur egun, 30 etxebizitzatako edozein proiektu, 50 planorekin eta 1.000 orrialdetako memoria batekin dator. Lagun arkitekto batek, brometan, «arkitektoena baino gehiago idazkarien falta» daukatela esaten zidan.

Arkitektura estudio batean hartutako erabakiak produktuen eta materialen menpe daude askotan, eta soluzio egokienak merkeenaren aurrean galtzen du beti. Horrela bada, Greziako arkiektoak urrezko proporzioaz kezkatzen baziren, guk produktu komertzialen katalogoetan sartzen ditugu sudurrak. Beraiek geometriaren eta Jainkoaren arteko erlazioak eraikitzen zituzten, eta guk aurrekontuaren eta epeen artekoak.

Gaur egun egiten dugun arkitekturak, ondorioz, aldi bateko objektuen kutsua dauka; ematen du ezer ez dela iraunkorra, biharko egunean fatxada aldatu beharko zaiola eraikinari, edo erautsi eta beste berri bat eraiki. Levis 501 sindromea da; orain dela hamabost urte bakero garestiengatik zoratzen ginen; gaur egun bost sosengatik erosten ditugu, urte baten buruan, modak aldatzean, beste berri batzuk erosteko.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *