Euskal Herria eta beldurrezko filmak

Batzuetan, hiritarrok, gure egunerokotasuna definituko dituzten arau eta erregelamenduetatik oso urrun ikusten dugu geure burua. Gaztetxoa nintzenean, gurasoek zerga aitorpena zelan egiten zuten ikusirik, beldur ziztada bat nabaritzen nuen. Giza adierazpenetik kanpo zegoen hizkuntz arrotza, ezezaguna erabiltzen zuten, «Big Brother» ikustezin eta ahalguztidunari hamarrenak ordaintzeko.

euskalhiriaEra berean, edozein legedi irakurtzeko ahaleginak egiten ditudanean, beldur sentsazio berdinak inguratzen nau. Eta gaur egun pil-pilean dagoen gai batekin topo egiten dugunean, hirigintza hain zuzen, gauzak ez dira gehiegi aldatzen. Hiriaren antolaketan arkitektoek eta urbanistak kartaboi eta arkatzekin aritu beharrean, hiztegia erabiltzera daude derrigortuta, kale, auzo eta lurralde berrien eraketan. Horrek guztiak, neure ikuspuntuaren arabera, ondorio bat dakar: gauzak gu konturatu gabe ari dira gertatzen.

Euskal Hiria proiektuarekin beste hainbeste jazo da; alarma ahots bakarrak -edo, gutxienez, eraginkorrenak- AHTren kontrako Asanbladakoak izan dira. Euskal Hiria lurraldea eta hiria bildu eta suspertzeko ekimen bat da, nonbait Euskal Autonomia Erkidegoa Europaren mailan kokatzeko ahalegina. Bi puntu nagusi izango ditu: lurraldea hiri sare polizentriko batean banatzea eta Kantauri-Ebro eta Paris-Madril ardatzen arteko giltzarria bilakatzea.

1990.era hurbildu behar gara honen guztiaren zergatiak aurkitzeko. Urte horretan, Lurraldearen Antolakuntzarako Artezpideak (LAA, gazteleraz DOT) deitutako dokumentuak industria arloan porrota izan EAEtik zerbitzuetan eta teknologia berrietan murgildu nahi zen beste EAE baterako saltoa proposatu zuen. Horretarako, «artezpide» anitz proposatu zituzten, eta nahiz eta lotesleak ez izan (gomendioak edo irizpideak ziren), beste tresna urbanistikoen sorrera bultzatu zuten, hala nola, Lurralde Plan Sektorialak eta Lurralde Plan Partzialak (Bilbo aldean hain entzutetsua izan den PTPa, hain zuzen). LAA dokumentuak erkidegoa hainbat area funtzionaletan banatu zuen, eta bakoitzak bere plan partziala izango zuen, beti «goitik» zetozen artezpideak nola edo hala errespetatuz. Aipatutako hiru tresna horien sorrera (LAA, LPS eta LPP-ak), ideia ona iruditu omen zitzaion Europako Urbanisten Kontseiluari, 2006. urtean EAEko lurralde planeamenduak sari bat jaso baitzuen.

Urte askoan, Euskal Jaurlaritzaren Hirigintza Saileko zuzendari izandako Xabier Unzurrunzagak eskolako lehengo urteetan emandako hirigintza klase bat gogoratzen dut. Bi filmina jarri zizkigun, bata bestearen ondoan. Lehena EAEko mapa bat zen, bigarrena, Chicago hirikoa. Berdina neurtzen zuten biek, grosso modo 100 kilometroko luzeran. Mezua argi zegoen, beste eskala bateko hirigintzaz ari ginen hitz egiten. Aitortu beharra daukat: lurraldea hiria bezala antolatzeko ideia horrek txundituta utzi ninduen.

Gure gobernu maiteak Euskal Autonomi Erkidegoa hiri-lurralde bihurtu nahi du; bi milioi biztanle baino pixka bat gehiagoko hiri bat, 300 biztanle kilometro karratuko dentsitatearekin (Madrileko Erkidegoak, adibidez, 750 biztanle sartzen ditu kilometro karratuko). Zentzu horretan, logikoa dirudi planeamendu orokor eta bateratzaile bat egitea, esfortzuak ondo bideratzeko.

Artikuluaren puntu honetan, gauza bat galdetu behar dizuet, ene irakurle maiteok: albisteetan noizbehinka agertzen diren inaugurazio eta politikoen arteko besarkadengatik ez balitz, prozesu honen berri edukiko al zenuten? Agian nire ezjakintasun kronikoa izango da, baina gauzak modu arraroan mugitzen dira.

Hirigintza geologiaren parekoa da aspektu askotan; zientzia biek daukate denboraren nozio ezberdina. Legediek beren erritmo berezia ezartzen dute, eta orain gertatzen zaizkigun gauzak orain dela hamarkada bat baino gehiago erabaki zituzten.

Orain arte, lurraldearen antolamendua bazirudien ere, garapen ekonomikoaz aritu gara. Garapen honek azpiegiturak ditu bizkar-hezurtzat; AHTren kontra daudenek ez dute bilakaera hori ukatzen, baina garapen modelo zehatz horri ezezko biribila eman nahi diote. Hiriko plano askoren pilaketa da hiri modernoa, eta bakoitzerako sustapen berezi bat egon beharko luke. Lurralde eskalako antolaketan, argi dago zenbait proposamen -adibidez AHTa- giza neurritik kanpo daudela, eta hiritarra alde batera uzten dutela, bai planteamenduan, bai partaidetzan.

Alde batetik, garapena. Bestetik, garapen eza? Ez dut uste. Beste ildoetatik joango den garapena bilatzen da, ordea. Eusko Jaurlaritzak eta orokorrean status quo politikoak garapen horri «garapen iraunkorra» deitzen diote. Kontuz ordea, «iraunkorra» bada ere, «garapena» beti egongo da hor. Baina honez gero konbentzituko zineten «iraunkor» hitzaren atzean edozein barrabaskeria topa daitekeela, ezta?

Gai oso zaila da, eta martxan dagoenez gero -hots, atzera ez dagoela botatzerik, makinaria ekonomikoaren inertzia apurtu gabe ez, behintzat-, are zailagoa. Berriro ere hiritarrok erabakiak «pasatzen» ikusten ditugu, gure iritzia eman gabe. Paralelismo txepel batekin ilustratuz, gure udaletan hirigintza plangintza egiteko erreferendum bat planteatzea ia zientzia fikziozko zerbait bada, lurralde osokoa egitea beldurrezko pelikula bihur daiteke.

Beno, AHTren kasuan gore filma. Tamalez.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *