Arkitekturaren bigarren bizitza

Bi gertaera izan ditut gogoan artikulo hau idazterako orduan; batetik, Donostiako Arkitektura Eskola ikasten dabilen lagun batek 5. mailako ariketa bat eskuz presentatzea derrigortu dute irakasleek. Hau da, kartaboi, rotring eta parafernalia guztiarekin. Bestetik, Second Life (SL) mundu birtualak azken aldi honetan izan duen harremana arkitekturarekin, The Arch ikerketa taldea dela medio.

2arkitektura_hKontzeptuak argitu ditzagun aurrenen. Arkitekturak eta ingenieritzak azkengo hamarkadan izugarrizko eraldaketa bat bizi izan dute, CAD sistemen sarrera dela eta. Computer Aided Design, edo ta Ordenagailuz Lagundutako Diseinuaren iraultza, ekoizpen, banatze, talde-lana, modeluen kontzepzioan eta oro har lan jarioaren handiketan nabaritu da. Ordenagailu eta inpresora berriei esker, eta diseinu grafikoan gertatu den bezala, diru gutxigaitik edonork antolatu dezake etxean arkitektura estudio txiki bat. XXI. mendeko diseinuaren demokratizazioa.

Baina noski, nahiz eta plataforma berriek diseinu modu ezberdinak ahalbideratu, ezagupen hori ez da bat-batekoa. Aurreko belaunaldiko arkitekto askok egungo ikasleen marrazketa mailaren kexu dira. Arkitekturan, marrazkiak beti izan du garrantzi handia, arkitekto batentzat beren istorioak idazteko beharrezkoa duen gramatika bait da. Zenbat eta hobekiago marraztu, teorian, gauza gehiago eta modu ederrago batetan espresatu ahalko dituzu.

Jadanik DBH-ko ikasgeletan Autocad bezalako CAD programak ildo teknikoa jarraitzen dutenentzat eguneroko gauza batetan bihurtu dira. Beste hainbeste programek hare hurrunago doaz, eta ez dute Autocad-ek ezartzen dituen marrazketa teknika trinkoa ezartzen. Adibide batekin azaltzeko, Autocad-ekin egurrezko maketak egin daitezke (birtualak), baina badaude beste programa batzuk plastilina, kea, airea, ura, harria, eta burdinaren moduko izaerarekin espazio berriak lortu ditzaketenak. Zertaz ari naizen oraindik ulertzen ez baduzu, erosi etxe aldameneko liburutegian edozein arkitektura aldizkari; bertan arkitekturak bat egiten du puxiken moduko egiturekin, hazkunde organikoko altzairuzko habeekin, fraktalen modelua jarraitzen duten hiri-altzariekin, guztiak nolabait lege fisikoen kateak apurtu nahian. Science Fiction-en ordez, Architecture Fiction.

Boullé arkitektoaren adibideari helduz, eguneko proiektu askok ezintasunaren irudiak hartzen dituzte helburutzat. Honek bigarren albistera garama, zuzenean. SL mundu birtualean, grabitateak ez dauka zentzurik. Eguzkiak ezta, beste iturrietako argi artizilialetatik ezberdintzea ezinezkoa izanik. Espazioaren pertzepzioak ezberdinak dira, pantaila 1440×900 edo ta 800×600 pixeletan daukazun arabera. Arauak aldatzen dira. Second Life-n balio erantsiek hartzen dute garrantzia, eta horrela Frank Lloyd Wright-en etxeen kopiak saltzen dira, edota Le Corbusierren maisu lanak, bertan bizitzeko. Altzarigintzan aspaldi hasi zen arte eta industriaren arteko limite horren ezabaketan beste urrats bat eman du SL-k; edonor eduki dezake Modernismoaren Apostolen obra bat etxean (egia ezan, etxea bera izango da!).

Txorakeria bat badirudi ere, SL munduak diru asko mugitzen du. Enpresa askok mundu honetan muturra sartzen hasi dira, eta behin martxan jarria, ez dirudi geldituko denik. Arkitekturari dagokionez eta adibide praktiko bezala, zenbait arkitektura estudio beren bezeroak etxeen diseinua eraiki aurretik “proba” dezaten eskaintzen dute, modelu 3D bat sortuz eta SL-en ezarriz. Bezeroak proiektutik mugitu daitezke, espazioak “bizi” eta guztia bere gustora dagoen ala ez konprobatu. Teknologia ez da berria, eta errealitate birtual hau jada gure irudimen modernuaren parte bada ere, esanguratsuena probatzeko aukeratzen den plataforman eta eraikinen diseinuan ekarri ditzaketen aldaketetan datza.

Nere ikuspuntuaren arabera, arkitekturari ez dio mesede handirik egiten, nahiz eta ikerketa aldetik txunditurik naukan gai bat dela onartu. Mundu berri horretan arkitekturak artea bilakatzeko hain funtsezkoa duen horreri ihes egiten dio; eraikuntza eta lege fisikoak. Firmitas alde batera uzten du, eta Venustas inoiz baino gehiago besarkatuz. Gaur eguneko eraikin famatu askok horrelaxe bera erantzun diote arkitekturaren deiari. Adibide bezala Guggenheim Bilbao museoa edota Sidneyko Opera House maisu lana; hasiera hasieratik irudi bat bezala izan ziren erdituak (erreparatu bestela mila bider erakutsi dizkiguten Gehry edo Utzonen bozetoei bestela),. Bi eraikinek, irudi potente baten menpe, izugarrizko arazoak  saihestu  eta ingenieritza esfortzu itzelak exijizu zituzten egun daukaten itxura paregabea lortzeko.

Jazoera erlatibizatuz, arkitektura eta SL-ren arteko amodio horrek plug & play arkitekturan barrena beste pauso bat besterik ez da, eta joku horretan erortzen gara eguneroko bizitzan ere; gaur, Barrokoko gela bat nahi dut, bihar Eskandiaviar saloi bat, bihar Mugimendu Modernoak txuriz margoztu diezadala logela. Ordenagailuaren desktop-aren itxura aldatzen duen moduan. Benetazko hainbat eraikin aldatzeko hain errazak balira behintzat…

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *