Peña Gancheguiren trena

Gaur hartu behar dugun trenak Luis Peña Ganchegui arkitektoaren lana zeharkatuko du. Tartean hainbat geldialdi egingo ditugu, eta, hala, hiriko espazio publikoen izaeraren, arkitekturaren eta merchandisingaren arteko desberdintasuna hautemango dugu. Gure bidaiaren helmuga Pasai Donibane izango da. Ibilaldiaren iraupena, eskasa. Ongi etorri arkitekturaren trenera.

ganchegui

Lehenengo geltokia: espazio publikoak hirian. Batzuetan, badirudi espazio publikoa eraikinen «artean» gelditzen den nolabaiteko zabor-espazioa dela. Axolagabekeria horrentzat arrazoi asko bila ditzakegu: gure Europako kulturak hiria antolatzeko Erdi Arotik duen modua, hirigintza teknika berria izatea erlatiboki edota gizartearen antolaketa soziologikoaren aldaketa azkarra. Eta gero, aipatzeak merezi ez badu ere, etekin ekonomiko eza, enparantzak eta paseoak ezin direlako saldu eta, ondorioz, askoz interesgarriagoa delako sosak salmenta libreko eraikinetan gastatzea.

Beraz, guk erabiltzen ditugun enparantzak, askotan eta tamalez, ez dira komeni bezala diseinatzen. Arkitektura, batzuetan, ez da inondik somatzen. Baina adi, hurrengo geltokira heltzear gaude. Bertan, gizon bat dago trenaren zain. Trenera igo orduko ezagutu dugu: Luis Peña da, Donostiako Arkitektura eskolaren sortzailea, Euskal Herrian azkeneko mendean izan den arkitekto handienetako bat. Gure ondoan eseri eta, betaurreko erraldoien atzetik, solasean hasi zaigu, arkitektoek erabili ohi duten hizkuntzan: «Leku bakoitzak bere bokazioa du, gakoa bokazio hori zein den aurkitzean datza. Leku bati giza zentzua eransten badiogu, artefaktu bat kokatzen badugu, toki bihurtuko da». Ez da hain ulergaitza, lasai. Pentsa zuen herriko txokoren batean, adibidez, jolaserako erabiltzen zenuten zuhaitz horretan. Zuentzat toki bat da, ezaguna, familiarra, oroitzapenez josia. Kanpotik datorren beste edonorentzat, ordea, zuhaitz arrunta baino ez da; hau da, leku bat.

Trena abiadura mantsotuz doa, Donostiako Alde Zaharrera sartzen garen heinean. Auzo horretako kalerik zaharrenean Trinitate plaza dago. Hiriaren hustuketa izan zen. Eraikin bat eraistearen ondorioz geratu zen espazioa herri-kirolei eskaintzeko desioa agertu zuten. Luis Peñak «leku» bat aurkitu zuen, eta artifizio bat erantsi zion toki bat sortzeko. Plazara hurbiltzen bagara, gaur egun, Udalak azkeneko hamar urteetan egindako «erreformei» esker, agian ez dugu hautemango, baina jatorriz bertan topa daitezkeen harri asko Jesuiten komentuak su hartzearen eta eraistearen ondorioz lortutakoak dira. Berrerabiltze horrek, nolabait, tokiaren izaera handitzen duela uste dut, piezek memoria izango balute bezala.

Hurrengo geltokia: Tenis-eko enparantza. Donostiako muga eratzen duen txoko hau, Txillidak egindako eskulturen poderioz, «Haizearen orrazia» izenarekin ezagunagoa da. Berriro ere materialaren garrantzia begibistakoa da. Umeentzat jolasa balitz moduan, luzera aldakorra duen granitozko pieza bakarrak maldak, mailak, eskailerak eta gradak sortzen ditu. Igarri duzue bai plaza honetan bai aurrekoan, arkitektura ia desagerrarazi egiten duela Peñak. Honen arkitekturak ez du keinu bortitzik egiten, seinale armonikoarekin naturaren indarra (mendia, itsasoa, olatuak, harria) bereganatzeko saiakera egiten du.

Trenak Kontxako badiatik Gasteiz hiriko zabalgunera garamatza, Foruen plazan geldialdia eginda. Merkatu bat eraitsi ondoren, «tokia» zena toki berri bihurtu nahi izan zuen Peñak. Kasu honetan, aldamenean ez daukagu naturaren indarrik, gizarteak sortutako toposa baizik, paisaia artifiziala, hala nola etxeak, errepideak. Bertan, Peñak topografia berria sortuko du; foruak defendatuko dituen haritza harrian landuta, frontoia, idi probentzat harri zorua…

Peña Gancheguik hiru plaza hauetan Arkitektura egin zuen. Ez konfunditu, arkitekto baten sinadura daraman papel guztiek ez dute arkitektura atzetik zertan eduki behar. Arkitektura zer den esatea ez da erraza, mundu arruntetik kanpo gelditzen den zerbait bezala ulertu behar da. Peñak eskeintzen diguna ez da Calatravaren Zubizurin ikus dezakegun berehalakotasun hori, baizik eta natura eta gizakiaren arteko topaketa. Zentzu horretan, Bilboko Udalak arazoak izan ditu “Calatrava” bat eta ez arkitektura lan hutsa enkargatu zuelako. Behin jokoan sartuz gero, ezin araueei bizkarra eman.

Hurrengo geltokira heltzen gara, Pasai Donibane. Bertan Rocio Peña eta Mario Sangalli arkitektoek Santiago plaza berrian dagoen zurezko altzari zabal batean itxaroten gaituzte, goxo goxo udaberriko eguzkiaz gozatuz. Plaza honen diseinuagatik, bi urtean behin ematen diren Arkitektoen Kolegioko Saria jaso dute. Senar-emazte hauek Peña Gancheguiren ildoa eta estudioaren ondorengo dira, zentzu guztietan, Rocio  Luis Peñaren alaba bait delako. Aurreko lana ispirazio modura erabilita, etorkizuneko erronkak egungo gizarteriak eskatzen dituen malgutasun eta kreatibitatearekin jasotzen dituzte. Pasaian adibidez, programa guztia altzari bakan batean batu zuten; “Plaza askatzeko desioa geneukan, ertza gureganatu, interbentzio topografiko bat eginez” dihozku Rociok. Horri Mariok erantsi; “Lau materialekin sortu dugu plaza; alde batetik asfalto urtua eta harri basaltikoa, eta bestetik pantalanen teknologian erabiltzen diren zura eta aluminioa”. Kiosko baten itxura gogorarazten digun egurrezko egituran etzanda, uraren gainean lebitazio ariketa bat egiten bageunden bezala ematen du, jostari dabiltzaten mubleen gainetik hegan egiten.  Trena badihoa, baina gu ez, hemen geldituko gara, badiaren haize goxoak kulunkatuta.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *