Elefante-Hiria

Gogoratzen itsuen eta elefantearen ipuin hura? Hala ez bada, horra nire bertsio pertsonalaren laburpen txiki bat: ba omen zeuden Asiako jakintsurik handienak, guztiak itsuak, elefante baten inguruan bilduta. Erreinuko inork ez zuen sekula elefanterik ikusi, eta agureen aholkua eskatu zuten. Lehenengo jakitunak, elefantearen hanka ukituz, zera esan zuen: «izaki hau arbola baten berdina da». Hurrengoak, buztana ukitu eta «ez, liana baten moduko zeozer da» erran zuen, eta hirugarrenak berriz, tronpari helduz, «oker zabiltzate, suge bat da!».

elefantehiria

Hiria elefante horren moduko zerbait da. Zein ikuspegitik begiratzen den arabera, halako ondorioak aterako ditugu. Zeintzuk, ordea? Bote lasterrean, zenbait etortzen zaizkit burura: Umeen Hiria, Genero Hiria, Adinduen Hiria, Beldurraren Hiria, Ekologiarena, Etorkinena…

Sinesgaitza dirudien arren, hirigintzaren historia hasi denetik, adin ertaineko gizon ekoizlearentzat pentsatu izan da hiria, hau da, 20 eta 64 urte arteko gizonezkoentzat. Beste era batean esateko, 2001eko erroldan Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako %32 baino ez, Eustat «santuaren» esanetan. Jaun-andreok, hirian axola duten erabakiek biztanleriaren %68 diskrimatzen dute. Hots, emakumeak, haurrak eta adinduak. Sinesgaitza, bai.

Hasi gaitezen Umeen Hiriarekin. Gure eleberriko jakintsu itsuek La città dei bambini proiektuaren berri izan dute, Italiako ISTC Ikerkuntza Institutuak suspertutako ikerlana. Proiektu hori suposizio sinple batean sostengatzen da; hiri bat umeen beharrei zenbat eta gehiago moldatu, are eta hobea biztanleriaren bizitza-kalitatea. Hiri handi batean bizi zaretenok, seme-alabarik izatekotan, jakingo duzue ziur, zer den umea alde batetik bestera eramatea. Gure haurrak, geroz eta gehiago, eskolaz kanpoko jarduerekin bonbardeatzen ditugu, guk geuk denbora eskaini ezinik; ezen, noski, txikiak kontrolpean eduki behar ditugu, hiria arriskutsua baita. Kotxeak daude, lapurrak, bortxatzaileak, droga. Haurren jolasak gure kontrolaren beharra du, eta Euskal Herriko hiri-paisaian normala da jolas parke bakoitzaren ondoan guraso talde bat aurkitzea, etxera hanka noiz egingo zain. Kalekumeak zaretenok, pentsatu orain aitona-amonen herrian, edo oporretan joan ohi zareten herrixka horretan; ez al dituzue umeak beren kabuz uzten? Leku horietan haurrek oraindik abentura eta misterioaren jabetza dute. Horrelako tokietan umeek ez dute jolas parkerik behar; herria bera da beraien jolas parkea.

Gure Ekialde Urruneko jakitunak hiri-elefantearen beste zati bat haztatu nahi du. Bilboko San Anton zubi ondoan dagoen tabernatxo batera hurbildu da, ardo beltz kopa eta kaier txiki baten artean dagoen Oihane Ruiz arkitektoarekin solas egitera. Oihane, Amaia, Koldo eta Ane, arkitekto bizkaitar, nafar eta gipuzkoarrek Hiria Kolektiboa osotzen dute, arkitektura, hirigintza eta soziologiaren artean mugitzen den ekimena. Duela 5 urte inguru hasi ziren lanean, Basaurin burututako Emakumearen Etxeko proiektuarekin. Bertan, partaidetza sistema baten bidez, herriko andreek azaldutako irizpideak jaso zituzten, udaletxearen enkarguz. Ordutik aurrera, generoaren ikuspuntua landuz, hamaika ekimen eraman dituzte aurrera. Aipagarriak dira Bilboko Udalarentzat egindako espazio publikoen analisia, edo gaur egun, Hernanin burutzen ari diren «Hernani Debekatuaren mapa». Bertan, herriko hainbat kolektiborekin biltzen ari dira, DBHko ikasleak, emakume taldeak… Oihanek ez du emakumeei buruz hitz egiten, aitzitik. «Edonor da kapaz hiriari buruz zerbait esateko», eta gakoa kolektibo ezberdinei aditzean dagoela ziurtatzen du. Arkitektoak ez du aldare baten gainean egon behar; auzoa bizi behar duen jendea entzun behar du, eta beren nahiak ahalbideratu.

Baina generoak badauzka bere elefante-zati partikularrak. Segurtasuna izango litzateke punturik beroena, tamalez. Aurrez esan den bezala, hiriak 20 eta 64 urte bitarteko gizonarentzat pentsatuak izan dira (kotxez mugitzen zaigu beti gure alferrontzia. Aipatzea ahaztu egin zait). Gizonek sufritzen ez duten bortxa pairatzen dute emakumeek; alde batetik, benetako biolentzia, biolentzia fisikoa, izugarria. Bestetik, kulturalki inposaturiko beldurra, beste era batean bada ere, ikaragarria. Espazioek izu horiek uxatzen lagundu dezakete; argiztapena zainduz, izkina «susmagarriak» diseinuetatik kenduz, ikus-kontrola bermatuz.

Egin dezagun ariketa mental bat; pentsa dezagun gure bizilekuko toki seguru batean. Jendez gainezka egon ohi dira, eta normalean «diafano» bezala definitu ditzakegu, zabalak eta ikus-oztoporik gabekoak. Orain asmatu auzo edo herriko toki arriskutsu bat. Normalean, bertan behera lagatako espazioak dira, argiztapen eskasarekin, eta itzal gune handiekin. Adibide moduan, Deustuko jaiekin batera, Bilgune Feministak auzoan dauden ziren puntu arriskutsuen mapa topa dezakegu.

Gai luzea, inondik ere. Nire hiri kuttunena gelditzen zaigu azaltzeke, Beldurraren Hiria. Baina hori beste egun baterako utziko dugu. Garrantzizko ideia bat, besterik ez; hiria kolektibo ezberdinez dago osatua, eta guztiak dira garrantzitsuak; ez gaitezen «20-64» gizon ekoizle horrentzako diseinuan erori.

Beste kolektiboak kontuan hartzen baditugu, guztien onerako izango da. Eta bestela elefanteari galdetu.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

EGUNERAKETA: Ecosistema Urbano estudioaren blog paregabeak Umeen Hiriaren inguruko artikulu bat zintzilikatu berri du, interesgarria oso, hemen aurkituko duzue.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *