San Mames Barria

Orain dela gutxi, «San Mames barria» proiektua eduki genuen ikusgai telebistan, irratian, egunkarietan, laneko kafe-atsedenetan. Nik, osmosizaturiko bilbotarra izanik -hots, Bilboko hinterland-ean bizi dena eta, Bilbotik kanpora doanean, apalki bilbotar bezala definitzen duena bere burua-, «bilbainadak» kilometrotara usaitzen ditut. Eta, begira ze bitxia, Santimamiñe estadiotzar horren proiektuak halako tik nerbioso bat eragin zidan begian. Zergatik ote?

San Mames Barria

«Proyecto sostenible» aditu nuenean hasi zitzaidan tik nerbiosoa. Euskaraz hainbat sinonimo topatu ditzakegu; Eramangarria, jasangarria, iraunkorra… Nik, pertsonalki, «eramangarritasun» terminoa dut gustoko, nolabait ere, laguntasun zentzu bat duelako. Eta noski, guztion hiztegietan sartu da. Azkenengo urte eta erdian termino hori entzun ez baduzu, Afganistaneko tuneletan sartuta egon zarelako izango da; gaur egun ez dago taxuzko ekimen edo proposamen arkitektoniko, tekniko, sozial edo teknologikorik hitz hori eramango ez duenik. Azterketarako galdera bat orain: zer da eramangarritasuna?

Hitz batez, eramangarritasunaren xedea hurrengo belaunaldiei mundua «aurkitu» dugun bezala lagatzea litzateke. Amak txikitan igandetako txangoan esaten ziguna: «mendia aurkitu duzun baino garbiago utzi». Gure gizarteen ekintzek ondorio bat dute, eta zenbait ondoriorekin ez dago atzera egiterik.

Hirigintza eramangarriak hainbat helburu ezberdin ditu; hiriaren identitate kulturala mantendu, bere gune berdeak eta bioaniztasuna babestu, kaleen disposaketa tradizionalari eutsi, ondare kulturalaren babespena, auzo-beroketa sistema komunitarioak, eguzki indarraren bidezko energia ekoizpena, alokairu eta jabego sistema anitzen susperketa, diseinu bioklimatikoa…

Eraikuntzaren munduan (Adreilu Deuna, egin bedi zure nahia), iaz ateratako Araudi Tekniko berriak hainbat xehetasun sartu ditu kontsumo energetikoari dagokionez, eta Eraikuntzak, nolabait ere, eraginkortasun energetikoaren beharraz kontzientzia hartu du, ministerioaren dekreto bati esker izan bada ere. Laburbilduz, gaur egun eraikitzen diren etxeek energetikoki aurreko hamarkadan eraiki zirenak baino gehiago aurrezten dute. Baina, aurrezpen hori, San Mames barria proiektuan ikusi den bezala, aktiboa eta pasiboa izan behar da. Munduko teknikarik aurreratuenek, azpitik jokatuko duen kriterio bat gabe, ez dute deus balio.

Eta, harira bueltatuz, San Mames, gure xoxekin ordaindu behar dugun «katedral» berri horrek, zer zerikusi dauka guzti honekin? Bada, gutxi eta asko. Estadioak azalaren ideia hartzen du kontzeptu arkitektoniko gisa, eta zentzu horretan ideia erakargarri bat eskaintzen digu; estadioak gauez argi zuriz eta partidu egunetan zuri-gorriz argiztatuko duen iluminazio sistema konplexu bat izango du. Kontxo, berriro begiko tik nerbiosoa. IDOM enpresaren parte den ACTX arkitektura estudioaren arabera (ideia zoragarriaren gurasoak), «San Mames hiri erdian kokaturiko faro batean bihurtuko da, erreferente berri bat». Bilboko mugarri berri bat. Guggenheim berri bat. Eta guztia azal miresgarri horri esker.

Noski, azala egun bogan dagoen kontzeptu arkitektoniko bat da. «Fatxada mediatiko» bezala ezagutzen den zerbaitekin zerikusia du; Kurtsaal Aretoak kontzeptu hori ederki sintetizatzen du, Donostia egunean Donostiako bandera bere alboko fatxadan marrazten zaionean edota Emakumearen Egunean morez tindatzen denean frogatzen den bezala. Fatxadako argiztapenak hiriari mezu bat bota diezaioke, normalean arkitekturak inposaturiko nortasun astun eta mugiezina XXI. mendeko teknologiaz apurtuz. Aspaldi elizetako ateetan ebanjelioen irudiak lantzen ziren, gaur egun ordea LED argi sistema berriek emozioak simulatu nahi dituzte. San Mames berrian, «lehoiek» gola sartzen dutenean estadioaren azala, ehun ezmaterial eta luminiko hori, milaka flashekin dir-dirka hasiko da, argi zuri eta gorrien piztu-itzaliekin tantua ospatuz.

Baina eramangarria da. Nahiz eta gauez, inongo arrazoi praktikorik gabe milaka bonbilekin argiztatuta egon, eramangarria da. Euri-urak bilduko omen ditu, zelaia ureztatzeko, eta pare bat fotoboltaiko panel izango ditu, jokalarien dutxen ura berotzeko. Horregatik da eramangarria. Izango duen gastu energetikoa, isuriko duen argi-kutsadura… horrek ez du inporta. Eramangarria da, hala dio proiektuaren memoriak. Ez gaizki hartu, ziur proiektuak araudi guztiak beteko dituela, ziur ere arkitekto taldeak eramangarritasunaren alde teknologikoa aintzat hartu duela. Akatsa kontzeptuan dago. Arkitektonikoki, estadioaren diseinuak txunditzen nau, eta bere forma eta bolumenez luze hitz egitea gustatuko litzaidake. Baina ez gara San Mames estadioari buruz ari, eramangarritasuna «etiketa» moduan jartzeko dagoen arinkeriari buruz baizik.

Arkitekturan behintzat, modak joan eta etorri egiten dira; aspaldi eraikuntza «inteligenteak» edo high-tech ziren bezala, gaur arkitektura «eramangarriari» tokatzen zaio. Eramangarritasuna, ordea, zeozer serioagoa da, beharrezkoagoa, sakonagoa. Hitza bera gastatzen ez badugu, behintzat.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *